Segurtasuna bermatzeko eta delitugintzari aurrea hartzeko ituna, Baionan
GARA |
Baionako fiskalak, suprefetak, Kontseilu Nagusiko lehendakariak eta Jean Grenet auzapezak Lapurdiko hiriburuan segurtasuna bermatzeko eta delinkuentziari aurrea hartzeko tokiko hitzarmena sinatu berri dute datozen hiru urteetarako.
Lehendik antzeko egitura bazen, baina oraingoa 2007ko LOPSI legera egokitu da. Horren arabera, Familien Eskubideen eta Betebeharren Kontseilua sortu dute, «gurasoei beren zereginetan laguntzeko». Lege horrek hainbat ahalmen onartzen dizkio auzapezari, esaterako, adin txikiko batek «gaiztakeria» egin duelarik, zuzenean ohartarazi ahalko ditu bai bera, bai haren gurasoak.
Hitzarmena sinatzerakoan, Anne Kayanakis fiskalak nabarmendu zuen «gaiztakeria» hitzaren atzean «eskolako patioan egindako bihurrikeria» egon daitekeela, baina juridikoki zigorgarria den delitua ere bai. Horregatik, auzapezaren eta fiskalaren «eremuak zehaztuz», biek ala biek adostasuna izan beharko dutela jaso dute dokumentuan.
Hitzarmenaren izenburua asaldagarria bada ere, sinatzaileek adierazi zuten Baionan ez dagoela hiri-delinkuentzia larririk, hainbat hiri handitan edo haien periferiako auzoetan maiz gertatzen denaz beste.