GARA > Idatzia > Ekonomia

PSEk eta EAJk eragotzi egin dute lan erreforma arbuiatzeko ekimena

GARA | GASTEIZ

Gobernu espainolak pasa den irailean onarturiko lan erreforma errefuxatzeko ekimena baztertu egin zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrak. Izan ere, EA, EB, PP eta UPyD taldeek adosturiko ekimenaren gaineko eztabaida egin zuten atzoko osoko bilkuran, eta besteak beste, erreforma indargabetu dadila eskatu zuten talde horiek, «langileen eskubide eta bermeak» murrizten dituela iritzita.

PSEk aurka bozkatu zuen eta EAJk abstentziora jo zuen; ondorioz, ekimenak ez zuen onarpena jaso. Aralarrek bozketan ez parte hartzea erabaki zuen, ekimenaren bigarren zatiak ez zuelako Euskal Herriko lan harremanetarako esparru propioa aldarrikatzen.

Nolanahi ere, lan erreforma izan zuten hizpide Legebiltzarrean, eta EAko Juanjo Agirrezabalak kaleratzeen «merkatzeaz» ohartarazi zuen, eta jada «ondorio larriak» sortzen ari dela gaineratu. Aralarko Mikel Basabek, Aguraingo Thaiser lantokian egin duten kaleratze kolektiboa salatu zuen.

Beste aldetik, PSEko Bixen Itxasok, berriz, erreformaren helburua «lan merkatura sartzeko» eta lan «duin» bat izateko aukerak handitzea dela esan zuen. EAJko Ricardo Gatzagaetxebarriak ere, bere alderdiak erreforma gogoko ez duen arren, «alde positibo batzuk» badituela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo