Euskal literaturaren erronka zahar-berriak
Aurrera doa Frankfurteko Liburu Azoka, eta harekin batera dagoeneko bertan arrotza ez den euskal literaturaren ordezkaritzak Azokarako prestatutako ekitaldiak, hala nola atzo EEE Euskal Editoreen Elkartearen erakusmahaia inauguratu eta Irati Jimenez eta Patxi Zubizarretak euskal literatura garaikidearen gaineko hitzaldia egin zuten. Euskal literatura urtean baino urtean finkatuago agertzen da azoka horretan, betiere munduan ezaguna izateko helburuarekin.
Premiazkoa da, ezbairik gabe, euskal literaturak munduan barrena bide egitea. Ez da erronka txikia, batez ere «literatura txikia» izaki, eta hartarako leiho zabala da Frankfurt, munduko liburu azokarik garrantzitsuenetakoa baita. Gero eta euskarazko literatur lan gehiago itzultzen dituzte beste hizkuntza batzuetara, eta idazleentzat ez ezik, oro har euskal literaturarentzat ere onuragarria da, jakina. Baina literatura beste baldintzatzaile batzuen mendeko ere bada, hala nola merkatuarena; izan ere, balio literarioa eta errentagarritasuna sarritan ez dira bateragarriak. Euskal editoreek ziurgabetasunez begiratzen diote etorkizunari, eta ez digitalizazioak dakarren euskarri aldaketa dela-eta bakarrik, baizik eta urrunera gabe Estatu espainoleko edo frantseseko argitaletxeen ondoan Euskal Herrikoak ikusezinak direlako. Bide batez, literaturaren baldintzatzaileak aipatzen hasita, ideologia ez da txikiena. Paradoxikoki, haren eragina arbuiatzen dutenek literatur balioei bainoago erreparatzen diote ideologiari, idazlea gogaide ez dutenean, jakina. Euskal Herritik kanpoko adibide bat ekartzearren, bitxia da Eduardo Galeanoren obra ideologia baten mendekotzat jota, haren balio literarioa gutxiestea, eta, aldi berean, Mario Vargas Llosa aurtengo Literaturako Nobel sariaren obra goraipatzea, idazle perutarraren obra, bai duela mende erdikoa bai egungoa, ideologiaren eraginik gabekoa balitz bezala. Ez dirudi kritika hori literatur lanak halako parametro zientifikoen arabera epaitzea denik. Baina, Griselda Gambarro idazle eta preso ohi argentinarrak joan den asteartean Frankfurteko Azokaren inaugurazio ekitaldian esan zuenez, literaturaren eta boterearen arteko harremanak gatazkatsuak izaten dira.
Euskal literatura munduan gero eta ezagunagoa izateko erronkak, nolanahi ere, ez luke ahantzarazi behar Euskal Herrian bertan lan handia dagoela eginkizun, euskal literatura euskal herritar askorentzat ere ezezaguna baita.