GARA > Idatzia > Kultura

«Muak! Gasteiz», musika jaialdiak ulertzeko modu berria

Lehen edizio honekin, «Muak! Gasteiz 2010» jaialdiak musikaz beteko du hiria hurrengo astean. Kultura Live musika zuzenean eskaintzen duten aretoen elkarteak antolatuta, ohiko jaialdiekin bat egiten ez duen eredu bat aurkezten du, non ardatza aniztasuna den.
p050_f01_152x112.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Musika jaialdiren bat irudikatzean, azkar datozkigu burura zelai bateko agertoki handiak eta kontzertu zerrenda amaigabeak. Etzi hasiko den ekimenak, «Muak! Gasteiz» delakoak, ordea, hiri-jaialdia izan nahi du, bestelako itxura eta formatua dituena. Aurtengoa lehen edizioa izango du jaialdiak eta antolatzaileen helburua ohiko formuletatik at musika eskaintzea da. Kultura Livek bultzatutako egitasmoa da, hots, Hego Euskal Herriko musika areto pribatuen elkarteak.

«Muak! Gasteiz»ek bereizgarri nagusi bat du, alegia, kontzertuez gain, aretoak eta lekuak ere protagonista direla. Izan ere, urte osoan zuzenean musika entzuteko aukera eskaintzen duten guneak daude tartean; horien artean, Hell Dorado, Jimmy Jazz Eszena, Iguana, Gora, Parral, Electra Store, Zuloa Irudia eta Ibu Hots, hau da, Gasteizen kontzertuetara joateko ohitura duen jendearentzat erreferente direnak. Modu honetan, musikaren inguruan egiten den lan horri guztiari bultzada bat eman nahi diotela azaldu du Iker Arronizek, Jimmy Jazz aretoko arduradun eta Kultura Liveko lehendakariordeak. Haren ustez, makrojaialdietan «kutsu merkantilista» handia dago, bertan «setiatuta» dagoen jendeari bertan kontsumituarazten zaiolako eta etekinak enpresa bakar batentzat doazelako. «Muak! Gasteiz»ekin, ordea, bultzada hori areto askotan zehar zabaldu nahi da.

Bestalde, hiri-jaialdian kontzertuez gain bestelako ekitaldirik ere izango da. Esaterako, «Pintxatu» disko liburua aurkeztuko dute ostegunean Zuloan. Bertan, «A fuego negro» jatetxeko arduradun Edorta Lamo izango da, bai diskoa aurkezten, bai eta DZrekin bat -Esne beltza eta Fermin Muguruzaren DJa- «Adaptación de la creatividad en la música y la gastronomía» mahai-inguruan. Asteazkenean, bestalde, Juanjo Ociok egindako dokumentala ikusteko aukera izango da: «Hispanic Stomp, ¿dónde está el Rock & Roll».

Kontzertu zerrenda

Bihar, aurrerapen gisa, kontzertu bat izango da Jimmy Jazz aretoan; Australiatik etorritako The Kull Devil Hills eta James Cruickshank-ena, hain zuzen ere. «Muak!Gasteizen» irekiera, ordea, asteartean egingo da Helldoradon. Hitzordu horretan Los Angeleseko «Steve Lucky & The Rhumba Bums» taldea entzuteko aukera izango da, «Some Like It Hot» diskotik jasotako materialarekin. Asteazkeneko sorpresa «Lady Dottie & The Diamons» estatubatuarrak izango dira. 66 urteko emakume alai honek Helldoradon egingo duen saioan, soul, blues, R&B eta rock and rollaren inguruko errepasoa eskainiko du. Ostegunean Gasteizko taldeen txanda iritsiko da: «La leyenda del Blues» Tobacco Roadekin eta Sumision City Blues. Bestalde, bertso txapeldunen saioa izango da Jimmy Jazzen.

Izenik potenteenak asteburuan iritsiko dira. Ostiralean, Ariel Rot izango da Jimmy Jazzen bere disko berriarekin, «gaztelerazko rockean berriz sinisteko» aukera luzatzen duena. Helldoradon, bestalde, Berri Txarrak ikusteko aukera izango da. Larunbatean, arropa marka berri baten, Plata Clothingen, aurkezpenaz gain, The Quireboysen kontzertua izango da Helldoradon, estatu mailan emango duten kontzertu bakarrean. «Muak! Gasteiz»en, bestalde, tartean dauden Gorka Arbizu eta Lady Dottie Electra Storen izango dira diskoak sinatzen, asteazkenean eta ostiralean hurrenez hurren.

Gasteizen egingo den aurreneko edizio hau proba gisa balioko die antolatzaileei. Arronizek azaldu duenez, Kultura Liven asmoa Hego Euskal Herriko hiriburu guztietara zabaltzea da. Bai kontratazioaren gastuei etekin handiagoa ateratzeko eta musika txoko guztietara zabaltzeko. Oraingoz, Gasteizko aukera aprobetxatu beharko dute musika zaleek.

TALDEAK

Hurrengo astean Gasteizen izango diren taldeen zerrenda luzea da: Berri Txarrak, The Quireboys, Ariel Rot, Steve Lucky & the Rhumba Bumbs, Lady Dottie & the Diamonds, Digital Leathers, Los Nitxos, Mamba Beat eta Popgun.

Fitxa

Non: Gasteizko musika areto eta tabernetan.

Noiz: Hilaren 12tik 17ra.

Antolatzailea: Kultura Live.

Taldeak: Berri Txarrak, The Quireboys, Ariel Rot, Steve Lucky & the Rhumba Bumbs, Lady Dottie & the Diamonds, Digital Leathers, Los Nitxos, Mamba Beat, Popgun.

Programa: www.kulturalive.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo