GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zoriontasuna eraiki

Egunerokoan parez pare jartzen zaizkigun zailtasunei aurre egiteko kemena, hori omen zoriontasuna irribarrea ezpainetatik kendu ere egiten ez duen emakume kementsuarentzat. Hizketaldi luzean botatako esaldi, nire ustez, mamitsuen artean ia oharkabean pasatu zitzaizkidan hitzok, baina nahi gabe gogoratu nituen geroago, argi-argi, eguneroko estropezuetan tematuta nengoela.

Zoriontasuna, kontzeptu sakon bezain hutsa da.

Hura bilatzen dugu etengabean, hura desio, hura maite, hura opa... hura zer den ongi jakin gabe askotan. Izateak baino, ez izateak berak erakusten digu gehientsuenetan zoriontasunaren esanahia eta garrantzia, esanahi hori deskribatu ezin badugu ere.

Entzuten ez duenari keinuren batekin zoriontasuna adierazi beharko bagenio, irribarre egingo genuke; hura baita, deskribatu ezin dugun sentimenduaren irudia, hura haurrei egiten irakasten diegun lehen espresio bidea.

Aipatu emakumeak, ordea, irribarrea aurpegitik kendu ezinda ere, zoriontasunaren esanahia areago zeraman, unean uneko barreetatik eta une alaietatik harantzago. Sakontasunez eta jarraipenez ulertua baitu sentimendu hau. Barne lasaitasunaz, nor bere burua maitatzeaz, autoestimuaz... mintzo zen zoriontasuna aipatzean.

Emakumeei batetik eta bestetik iristen zaizkigun mezuak hartuak zituen ahotan, haien gorputzak eta bizimoduak arautzeko egiten diren saialdiez ari zen, horiek emakume asko zein zoritxarreko egiten dituzten azaltzen, autoestimuan zein eragin duten nabarmentzen, eta zorigabeko ez ezik, zein ahul bihur ditzaketen ohartarazten.

Zoriontasunaren kontzeptu sakonago hori bere egiteak, barne maitasuna landu eta egunero topatzen zituen zailtasunak gainditu zitzakeela konturatzeak egin omen du bera kementsuago bere begietara eta besteenetara; eta, aldi berean, zoriontsuago.

Zoriontasuna, idazle handi batek esan zuen moduan, nahi dena egitea baina egiten dena maitatzen ikastea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo