GARA > Idatzia > Kultura

Misterio bat argitzeko saioa dakar Juan Kruz Igerabidek eta Ritari nobio aurkitu dio Mikel Valverdek

Juan Kruz Igerabidek eta Mikel Valverdek eleberri bana aurkeztu zuten atzo; biak gazte literaturakoak eta euskaraz idatziak. Bata nobela beltza da eta besteak Rita neskatoaren beste abentura bat kontatzen du.

p042_f01_147x100.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Juan Kruz Igerabidek haurrei eta gazteei zuzendutako liburu ugari idatzi ditu, baina oraingoan nobela beltza ukitu du. «Misterioa argitu arte» liburuak 14 urte inguruko neska-mutil talde batek horietako bati laguntzeko egiten dituen ikerketak kontatzen ditu, hauek denak Pipo zakurraren laguntzarekin eginak.

«Misterioa hasieratik dago nire lanetan», esan zuen Igerabidek, «baina sekula ez modu detektibeskoan». Bere ekarpena pertsonaia mota eta horien ezaugarriekin eta zakurrarekin egin duela uste du idazleak. Izan ere, zakurra oso pertsonaia berezia izango da, hitz egitea baino ez zaiola falta esan zuen Igerabidek, hain dela-eta azkarra.

Nobela beltzaren generorako hurbilketa honetan, umorea eta detektibe lanak uztartzen dira. Eta, aldi berean, etikak eta guraso eta seme-alaben arteko inkomunikazioak sortutako zenbait ondorio ere aipatzen dira. Izan ere, kontaketaren protagonistak aitarekiko izan duen irudia zalantzan jarri dion bizipen bat izango du.

Eleberri hau egiteko garaian kontuan hartu zuen norengana zuzendu nahi zuen, gazteegiak diren irakurleentzako misteriozko liburu bat egiteak ez baitu zentzu gehiegirik, Igerabideren ustez. Baina Lehen eta Bigarren Hezkuntzako bere irakasle garaiak gogoratuz, adin horretako irakurleek gustuko dituztela ohartu zen, eta berak ere gustuko zituela gaztetan.

«Ritak nobioa du»

Bestalde, Mikel Valverdek Ritaren abenturak kontatzen jarraitzen du «Ritak nobioa du» eleberrian. Gainera, azken urteotan aldi berean marrazkilari eta idazle lanetan dabil. Oraingoan maitemina jabetu da Ritaz, eta ondorioz, nobio eta lagun artean sortzen diren liskar eta gaizkiulertuak biziko ditu, maitasunaren eta lagunari zor dion adiskidetasunaren artean ikusiko du bere burua eta nahaste hori konpontzeko guraso eta beste izakiengana joko du. Ale hau korapiloz jositako komedia bat dela azaldu zuen Valverdek. «Ritaren liburuetan funtsezkoak dira nahastea, gaizkiulertuak», esan zuen idazle eta marrazkilariak. Gainera, umorera iristeko bidea nahaste horien bidez egiten du beti gasteiztarrak eta lan honetan ere bai.

Ritaren kontaketa guztietan errealitatea eta fantasia nahastea ere oinarrizko ezaugarri direla esan zuen idazleak. Izan ere, pertsonaia gertukoa eta egiazkoa izatea saiatzen da beti eta errealitatean ikus daitezkeen baliabideak ere ageri dira. Baina, fantasia ere beharrezkotzat du, eta, hori dela-eta, gaztetxoei laguntzen dieten igel jakintsuak ere hor dira.

MARRAZKIAK

Liburu barruko marrazkiak oso garrantzitsuak dira Mikel Valverderen iritziz. Izan ere, erritmoa ematen baitiote kontaketari eta erritmo hori funtsezkoa dela iruditzen zaio.

Fitxa

Idazleak:

«Misterioa argitu arte»: Juan Kruz Igerabide.

«Ritak nobioa du»: Mikel Valverde.

Marrazkigileak: «Morkots» eta Mikel Valverde.

Argitaletxea: Elkar. Xaguxar eta Rita 5 bildumak

Adina: «Misterioa...» 12 urtetik gora eta «Rita» 10 urtetik gora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo