Ekuadorren iraultzan sakondu behar dutela esan die Correak nekazariei
Nekazaritzaren arlotik hasita, iraultza bolivartarraren bidean aurrera egiteko beharra nabarmendu zuen Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak atzo, Quiton, Latinoamerika osoko nekazari eta indigenak biltzen dituen biltzarraren hasierako ekitaldian.
GARA |
Latinoamerikako Nekazari Erakundeen Koordinakundearen (CLOC) V. Biltzarra hasi zen atzo Quiton, eta bertan ohartarazi zuen Ekuadorreko presidente Rafael Correak laborantza-erreforman sakontzea beharrezkoa dutela: «Ekuadorren ez dugu nekazaritzaren arloko erreforma bat behar, nekazaritzan benetako iraultza da behar duguna».
Agintariak «bihotz-bihotzetik» barkamena eskatu zien «Ekuadorreko nekazari anai-arrebei», bere Gobernuak «ahal duen guztia egin badu ere», asko faltatzen baitzaie laborantza arloa sakonetik eraldatzeko.
Irailaren 30eko estatu-kolpearen saiakeraren ostean, ministroekin bildu, eta «herritarren iraultza erradikalizatu» behar zela adostu zutela ere adierazi zuen Correak.
«Erradikalizazio horren zati garrantzitsu bat laborantza-erreformaren erradikalizazioa da, nekazari txikien eta behartsuenen mesederako».
Zentzu horretan, «Ekuadorreko nekazarien artean Justizia eraikitzen hasteko, nekazaritza arloan benetako iraultza bat» hasteko konpromisoa hartu zuen Correak.
Mintzaldian, irailaren 30ean poliziek eragindako istiluetan hildako Juan Pablo Bolaños ikaslea gogoan izan zuen Correak. «Hain balio handia duen bizi bat galtzeak bihotza hausten dit, baina, aldi berean, inoiz baino gehiago borrokan segitzeko indarrak ematen digu».
Morales: «AEBen kolpeak»
Irailaren 30ean Ekuadorren izan zen estatu-kolpe saiakeraren atzean AEBak daudela aldarrikatu zuen, bestalde, Evo Morales Boliviako presidenteak, CLOCeko fundatzaileak.
«Hiru eta bat. Honduras irabazi ziguten, baina gol sorta ederra sartu diogu inperialismori eta kapitalismoari», esan zuen Moralesek, 2002an Venezuelan, 2008an Bolivian eta aurten Ekuadorren izan diren estatu-kolpe saiakerek porrot egin dutelako. Hondurasen, ordea, Manuel Zelaya presidentea kargutik kendu zuten.
«[AEBen] base militarrak dauden tokietan, Kolonbian bezala, ez dago estatu-kolperik», gaineratu zuen Boliviako presidenteak, demokraziaren aurkako eraso hauek askapena eta burujabetza aldarrikatzen duten politikei heldu dieten herrialdeetan gertatzen ari direla salatuz.
CLOCen borroka Latinoamerikako herrietatik harantzago joan behar dela esan zuen Moralesek, «mundu osoan Ama Lurraren eskubideak defendatuz» eta klima aldaketaren aurka arituz.
Quitoko bileran Latinoamerikako mila nekazarien eta indigenen ordezkariak ari dira parte hartzen.
Irailaren 30eko estatu-kolpea bultzatu zuten poliziek giza eskubideen aurkako jarduerengatik ikertuak izaten ari zirela adierazi zuen atzo Rafael Correak.