Edurne Alegria Aierdi Itzultzailea
Euskara, aukeran?
Ukaezina da gero eta euskaradun gehiago garela, inoiz izan den kopuru handiena eta, tamalez, hori jakinez lasaitu egiten gara, anestesiatu esango nuke nikEuskarari buruz egin diren azken ikerketetan zera nabarmentzen da, euskaradunen kopurua emendatu egin dela azken urte hauetan; aldiz, euskararen erabilera ez dela zabaldu hein berean eta, gainera, lehen euskara hutsez bizi zitekeen herrietan eta tokietan, orain gaztelera edo frantsesa gailentzen ari direla.
Halako konstatazioak zer pentsatua ematen digu. Azken hamarkadetan egin diren ahaleginak, ikastolak, euskararen aldeko kanpainak, arauak eta abar hutsaren hurrengoa izan ote dira? Euskararen patua izango ote da hizkuntza gutxitua izan behar izatea betirako edo kasurik txarrenean desagertzea? Ni nago akatsa ez ote dagoen helburuen formulazioan eta helburu horiek lortzeko aldarrikatzen diren mezuetan. Asko dira, batez ere politikarien artean, «Euskal Herrian jendarte elebiduna lortu behar dugu» edota «jendarte elebidunean bizi gara» diotenak. Behin eta berriro esan beharra dago helburu hori faltsua dela, inon ez baitago eta inoiz ez baita izan jendarte elebidunik, «elebitasuna» bi hizkuntzen artean parekotasuna izatea dela ulertzen badugu behintzat. Hizkuntza batek bestea gailentzen beti du alegia, eta horri «diglosia» deritzogu.
Aspaldi da jada euskal hiztun elebakarrik ez dagoela gurean, euskaldun denak gutxienez elebidunak gara, beraz, pertsonok elebidunak, hirueledunak edo eleanitzak izan gintezke, bai noski, esan nahi baita hizkuntza batean zein bestean bizitzeko gai garela eta bizitzako edozein arlotan ezagutzen dugun hizkuntza horietako bat erabiltzeko gaitasuna dugula. Alta, jendarte bat bi hizkuntzatan bizi nahi izatea, batez ere hiztun orok bi mintzairetatik bat ezagutzen dutenean, ez dirudi oso logikoa alde praktikoa eta ekonomikoa kontuan hartzen baditugu behintzat.
Euskal Autonomia Erkidegoan -eta lurralde hori aipatzen dut euskararen egoera bertan baitago osasuntsuen (hitz bat erabiltzeagatik)- zabaltzen dizkiguten mezuetan esaten zaigu bi hizkuntzen artean nahi duguna «aukera» dezakegula, biztanleen eskubidea baita hori, eskubide demokratikoa, nola ez, eta gainera legeak ahalbidetzen duena. Baina eguneroko bizitzan eskaintzen zaigun bi hizkuntza ofizialen arteko aukera hori, egiaz, zeharo desorekatua da, nehork ez baitu, legearen arabera, euskara jakiteko obligaziorik; gaztelera, aldiz, bai, eta hori erdal elebakarrek jakin, ongitxo dakite.
Gauza da hizkuntzek bizirauteko euren lege propioak dituztela eta maiz ez datozela bat jende legeekin, edo beste era batera esanda, jende legeak ez dira beti egokitzen hizkuntzen beharretara edo baldintzetara, eta ez ditut hemen aipatuko horren zergatiak edo arrazoiak. Baldintza horiek bete ezean, hizkuntzak hil egiten dira, edo hobeto esanda akabatu egiten ditugu. Lehenik eta behin, hizkuntza batek bizirik irauteko lurralde bat, eremu geografiko bat behar du, non biztanleei ezinbestekoa zaien mintzaira hori ezagutzea bertan bizi ahal izateko. Bestalde, hizkuntzak bizitza duina izatea nahi badugu, pertsonok bezala, elikatu eta babestu egin behar ditugu, biziak baitira. Bistan da gurean baldintza horiek ez direla inolaz betetzen euskarari dagokionez, eta gurean diodanean mundu osoan esan nahi dut, beste inon ez baita mintzatzen.
Arazoa, ordea, ez da soilik baldintza horiek gaur egun ez betetzea, baizik eta etorkizunerako hartzen ari garen neurriak ez doazela zentzu horretan, helburu hori lortzeko asmoz behintzat. Ukaezina da gero eta euskaradun gehiago garela, inoiz izan den kopuru handiena, eta tamalez, hori jakinez lasaitu egiten gara, anestesiatu esango nuke nik. Esadazue, zertarako jakin behar dugun euskara, ikastoletako jolastokietan haurrek erdaraz jo eta ke jarduten badute gero? Zertarako jakin, EITBko kazetariek euskaraz galdekatzen zaituztenean, automatikoki gauza bera erdaraz esan behar baldin baduzu, zure hizkuntzan esandakoak balio ez balu bezala? Hala bada, euskara Euskal Herrian «hautuzko» mintzaira bilakatu da eta beldur naiz etorkizunean ez ote den «adornuzko» hizkuntza izango, Irlandan gaelikoari gertatu zaion gisara.
Alde batetik, inkesta soziolinguistikoak, ikerketa linguistikoak, soziolinguistika eskuliburuak... eta, bestetik, euskara erdaldunei «atsegina» izan dakien asmatutako «birusak», kanpainak eta herriz herriko autobusak ipuinak kontatzen, ez dirudi nahikoa direnik gure hizkuntzaren erabilpena sustatzeko. Argi dago hizkuntza politikaren planifikazioan -planifikazio bat aurreikusita baldin badago behintzat-, garaia iritsi dela beste fase batera pasatzeko, eta gaur egungo baliabide pedagogiko eta ekonomikoak, publizitatea eta abar martxan jartzeko, aldez aurretik garbiki azaldu behar dugun helburua lortu nahi badugu.
Sustapen lan horretan erdaldunek euskara ikasteaz gain, berebiziko garrantzia du euskaradunon utzikeria eta konplexu guziak gainetik astintzea eta egoeraren larritasunaz jabetzea, lege guztien gainetik eta oztopo guztien azpitik, gure esku baitago euskara premiazkoa izatea Euskal Herrian bizitzeko.