GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Begiak itxita begiratu

Ezer gutxi kanporatu da datorren Bost Urteko Plan horren helmuga zehatzaz eta joeraz. Eta, ezjakintasun horrek aiene batean dauzka munduko (hots, Mendebaldeko) botere ekonomiko asko, denak ez esatearren

Elefanteak nolakoak diren igartzeko ukimenaz soilik balia zitezkeen itsuen ipuin klasikoa oso pedagogikoa baina triste samarra bada, benetan dibertigarria baina ez oso eredugarria gertatzen da gisako egitate potoloak ulertzeko gure inguruko hainbat ikusmendunek erabiltzen duten «teknika»: ikuskizunari arretaz begiratzen diote... begiak itxita. Iragan asteburuan gertatu da, urrutirago joan gabe.

Izan ere, urtero bi aldiz -udaberrian eta udazkenean- biltzeko usadio zaharrari jarraiki, ostiraletik astelehenera bildu baita Pekinen Txinako Alderdi Komunistaren 17. Komite Zentrala, 2007ko Kongresutik datorrena, osoko bilkuran. Guztira, 370 bat zuzeneko kide gehi ia beste horrenbeste ordezko; koadrila handi samarra, beraz, herrialdeari dagokion eran. Aurten, gainera, Ibilaldi Luzea amaitu zeneko 75. urteurrenaren bezperatan egokitu da udazkeneko bilera, eta 2012ko Kongresuan aginte gorenera iritsiko den zuzendaritza belaunaldi berriaren osaera antzematen hasteko ikusmina zegoen.

Saldaren aparra besterik ez zen hori, ordea. Batzarraren salda -eta okela- ekonomian zetzan, eta munduko (hots, Mendebaldeko) ahaldun eta arduradun ekonomikoak zelatan aritu dira ea zer jakiten zen arlo horretan. Bilkuraren xede nagusia baitzen 12. Bost Urteko Plana, 2011-2015 bitartean garatuko dena, aztertu, tematu eta erabakita uztea. Egitasmo hori ez zen batere sekretua: Xinhua agentzia ofizialak bileraren aurretik zabaldutako iruzkin luzean ez zen ia beste ezertxo ere aipatzen.

Koska, noski, hortik aurrera zegoen. Egungo Txinako hizkera ofizialean etengabe agertzen diren xiaokang (joritasun neurritsuko gizartea), «harmonia», «desoreken leuntzea» eta antzeko desio filosofikoetatik haratago, ezer gutxi kanporatu baita datorren Bost Urteko Plan horren helmuga zehatzaz eta joeraz. Eta, ezjakintasun horrek aiene batean dauzka munduko (hots, Mendebaldeko) botere ekonomiko asko, denak ez esatearren. Pekinen erabakitzen denak ondorio ikusgarriak izango dituelako munduko ekonomia aurreratuenetan. Duela 80 urteko Sobietar Batasunaren egoerarekin eta eraginarekin aldera ezina delako egungo Txinarena, labur esateko.

Teoria hutsean, Plan horretan aipatuko liratekeen ildo batzuk pozgarriak izan behar lukete Mendebaldeko agintari eta ahaltsuentzat (esportazioetan oinarritutako hazkundea mantsotzea edo energia menpekotasuna gutxitzea lehentasun nagusienetakoak izango lirateke txinatarrentzat datozen urte hauetan); baina beste batzuen esanahi sakona zalantzagarriagoa da: krisipeko munduan nagusitzen ari omen den protekzionismoa ekiditea, lurraldeen arteko oreka lortzea...

Bada ulertzen hain zaila ez den hau, benetako kalamatika bihurtuta aurkitu dut gure inguruko hedabide gehientsuenetan. «Bost Urteko Plana» deitu bitxitasun horren juzgu egin dut, batez ere. Gazteenei, agian, ezezaguna gertatu zaie kontzeptua; eta helduagoetan, ez gogoratzea nahiago dute hainbatek, itxura denez.

Baina egungo munduan gehien hazten (eta besteon hazkundea zilegitzen) ari diren bi ekonomiak, Txinakoa eta Indiakoa, Bost Urteko Plan banarekin moldatzen ari dira. Hamaikagarrena, bien kasuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo