Udalbiltzaren aldeko ekimenetan parte hartzera deitu dute Iruñean
Astelehenean abiatuko da berriro Auzitegi Nazional espainolean Udalbiltzaren aurkako epaiketa, eta aste horretan bertan amaituko da. Atzo, Expe Iriarte auzipetuak eta Nafarroako hainbat hautetsik absoluzioa eskatu zuten. Era berean, egunotan herriz herri egingo diren elkarretaratzeetan eta larunbatean Iruñean egingo den ekimenean parte hartzera deitu zuten.
GARA
Nafarroako eskualde guztietatik elkartutako udal hautetsiek gizarte osoari dei egin zioten atzo Iruñean, datozen egunotan udalerriz udalerri egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera. Bereziki datorren larunbatean, hilaren 23an, Iruñeko Udaletxe Plazan egingo den aldarrikapena nabarmendu nahi izan zuten. Elkarretaratzea 12.00etan izango da, «Udalbiltza aske!» lelopean, eta eskubide politiko eta zibilen defentsan «beti» arituko direla agertzea dute xede.
Auzitegi Nazional espainolean Udalbiltzaren aurkako epaiketan auzipetuta dagoen Iruñeko zinegotzi ohi Expe Iriartek hartu zuen hitza. Hala, aurreko agerraldietan auzipetuek egin duten gisan, Iriartek epaiketaren azken saioetan akusazioak Udalbiltzaren eta auzipetuen aurkako frogarik ez duela aurkeztu salatu zuen. Iruindarrak akusazioa mantentzeak zentzurik ez duela esan zuen, eta atzera botatzea litzatekeela erabakirik zentzuzkoena.
20 auzipetuek astelehenean berriro ere Madrilen izan beharko dute, beraz. Astearte edo asteazkenean amaituko da ahozko epaiketa.
«Inongo oinarririk gabe akusatuen aulkian mantenduko gaituzte», esan zuen Iriartek, Udalbiltza instituzioaren zein handik sortutako Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa debekatzeko mehatxupean eta auzipetuentzat 10 eta 23 urte arteko kartzela zigor mehatxuekin. Auzipetuak azken saioetan polizia espainolek eta guardia zibilek egindako zenbait zehaztapen gogorarazi nahi izan zituen.
Bere hitzetan, «garrantzitsuena» perituek ETA Udalbiltzarekin lotzeko frogarik ez dagoela adierazi izana da: «Ezin dugu frogatu loturarik dagoenik ETA erakundearen eta pertsona hauen guztien artean». «ETAk Udalbiltzari aginduak transmititzeko inolako tresnarik existitzen denik, horren berririk ez dugu», adierazpena ere polizien ahotan entzun zen Auzitegi espainolean. Bestalde, perituen beste hainbat adierazpenek erakusten dute Udalbiltzaren funtzionamendua auzipetuek eurek azaldu bezalakoa dela onartzen dutela; edo ETAren «Zutabe» agerkarian Udalbiltzaren jarduerei buruzko balorazioak egiten direla eta ez dagoela inolako agindurik.
Expe Iriartek gogorarazi zuenez, auzi honetako perituek ETAren eta Udalbiltzaren artean lotura dagoela erakusten duen frogarik ez dagoela aitortu zuten.
Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua