GARA > Idatzia > Mundua

Al-Kaedaren aurkako Sahwa miliziako kideek matxinadara jo dute berriz

Irakeko agintariek onartzen dute Al-Kaedako kide ohiez osaturiko Sahwa milizia jendez husten ari dela azkenaldian, berriro matxino sunitekin bat egin dutelako horietako askok. Arrazoien artean daude, Gobernua ez dela horiez arduratzen eta Al-Kaedak ongi ordaintzen duela.

p021_f02_77786.jpg

Ali AL-TUAJARI (AFP)

Irakeko agintariek ez dituztela oso begiko iritzita, Al-Kaedaren aurka aritu ziren milizianoak berriro ere matxino bilakatu dira, eta Bagdadetik iparraldera aritzen dira. Halere, Gobernuak ez dio garrantzi handirik eman nahi izan.

«Nire ustez, Sahwa miliziako 14.500 kideetatik %15 itzuli dira Al-Kaedara», azaldu zuen Diyala probintziako milizia honetako buru batek. Inguru horretan sunitak dira nagusi, eta Al-Kaedaren gune nagusietako bat izan zen.

Tribuetako buruen itzulerak, bertako milizien sorrerak eta biziki bortitzak izan diren kanpaina militarrek porrot egin dute Al-Kaeda gailentzeko orduan.

«Al-Kaedak gure artean espioiak dituela esan diezazuket. Eta oso zaila da hauek harrapatzea», nabarmendu du Khalil al-Karkhik, miliziako buruak.

Haren esanetan, Al-Kaedaren berrindartze honen arrazoia Irakeko Gobernuak beraiengan duen konfiantza falta da: «Duela urtebete armak eramateko baimena kendu ziguten; ez dugu babesik, segurtasun indarrek gure armak kentzeko ahalmena dutelako; eta, horrez gain, ez digute ordaintzen edo berandu egiten dute».

Hemen, Iraken Semeak izena hartu zuten Sahwa (Esnatzea, arabieraz) miliziako 14.500 kideetatik 7.000 baino ez dira geratzen, eta maiz jasaten dituzte Al-Kaedaren erasoak, hildako ugari eragiten dituztenak.

«Askotan, terroristak atxilotu ditugunean, ohartu gara gure artean lanean arituak zirela; ezusteko galanta», berretsi du Shallal al-Nuaimik, milizia burua Diyala probintziako hiriburuko, Baqubako Hashmiat auzoan.

«Askok gugandik alde egin dute lana bilatzeko, eta bi mila inguruk Poliziaren eta Armadaren kontratuak lortu dituzte beraien harreman pertsonalei esker. Baina beste batzuk Al-Kaedarengana jo dute», gaineratu du Al-Nuaimik.

«Segurtasun indarrek gure milizianoak atxilotzen dituzte lehen Al-Kaedako kideak izan zirela argudiatuz. Gure biktimen familiek ez dute diru laguntzarik jasotzen eta Al-Kaedak 250.000 dinar [152 euro] ordaintzen du atentatu bakoitzeko», dio egoera azaldu nahian.

Doran, Bagdadetik hegoaldera, antzeko egoera ematen dela onartzen du Sahwako buruak, nahiz eta maila apalagoan izan. «Gure kideetako dozena batzuk bat egin dute Al-Kaedarekin, landa eremuetan».

nbe-ko ordezkaria

NBEk Iraken duen ordezkari nagusi Ad Melkert onik atera zen atzo Najaftik Bagdadera zihoan konboiari egindako erasotik, Efe agentziari segurtasun arloko iturriek esan ziotenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo