Emakumeen Liga
UNB Obenasaren aldean, lan zaila Hondarribia-Irunentzat
Iruindarrek Olesaren kantxan jokatuko dute. Gipuzkoarrek Avenida indartsua izango dute etxean. Baskoniak 2011n Houstonen jokatzeko gonbita jaso du.
Arnaitz GORRITI
Ia arnasarik hartzeko betarik gabe, Emakumeen Ligak laugarren jardunaldia izango du gaur. 20.00etatik aurrera jokatuko dute euskal talde bik. Joan den asteburuan aurreneko garaipena erdietsi ostean, bolada ona aurkitzea da Iruñeko UNB Obenasa eta Hondarribia-Irunen xedea, baina ez dirudi garaipena lortzea samurra izango denik, gipuzkoarrentzat batez ere.
Izan ere, Obenasak Ligako azken-aurrekoari, Olesari alegia, bisita egin bitartean, Hondarribia-Irunek Salamancako Perfumerias Avenida indartsua jasoko du Hondartza pabilioian.
Talde nafarreko jokalari Helena Boadarentzat partida berezia izango da gaurkoa, Olesako jokalari ohia baita. Alabaina, kataluniarrak bestelako kontuak albora utzita «irabaztearen beharra» nabarmendu nahi izan du Obenasaren webgunean eginiko elkarrizketan. «Aurreneko garaipenak ilusio handia egin digu, baina ezin gara erlaxatu. Olesa aurkari zuzena da eta nahitaez irabazi behar dugu», adierazi du.
Perfumerias Avenida, ordea, ez da Hondarribia-Irunen aurkari zuzena. Sancho Lyttle eta Alba Torrens gidari direla, sekulako taldea baita Salamancakoa. Hala, Erika De Souza, Marta Xargay, Belinda Snell eta Anna Montañana izarrek jokatzen dute bertan, baita Amaia Gastaminza gazte nafarrak ere. Rivas eta Ros Casaresekin batera Emakumeen Liga irabazteko hautagaia da gaztelaua eta, beraz, nahikoa mirari izango litzateke Pepelu Mujikarenek irabaziko balute. Hondartza pabilioiko sarrera doakoa izango da.
Houstonen gonbita
Caja Laboral Baskoniari dagokionez, berriz, ohar bitartez jakinarazi zuten NBAko Houston Rockets taldeak datorren denboraldian beraiekin jokatzeko gonbita egin diela. Memphis eta San Antonioren aurka itxura ona eman zuen Baskoniak eta, horrez gain, AEBetako liga nagusian «izen ona» omen du Gasteizko taldeak, azken urteetan bertatik NBAra jauzia eman duten jokalari kopurua dela eta.
Dena ez da, ordea, albiste ona Baskonian. Nemanja Bjelicak zaintiratua du eta ikusteko dago bihar Maccabiren aurka jokatzerik izango duen. Bestetik, Marcus Haislip uste baino astiroago osatzen ari da.
Hala, Martin Rancik-ek uste baino minutu gehiago izan ditzake Gasteizen emango duen hilabetean. Eslovakiarrak «Europako talderik onenetako batera» iritsi dela adierazi zuen bere aurkezpen egunean eta entrenatzaileak esandakoa betetzen ahaleginduko dela gaineratu zuen.
Bizkaia Bilbao Basket-ek, bestalde, 3.000 baloi banatuko ditu Bizkaiko eskoletan sortu diren 440 -5.000 neska-mutil orotara- saskibaloi taldeen artean.