«B aldeko kantuak», sorkuntza «intimo» eta «ilunagoen» azaleratzea
1960 eta 70eko hamarkadetako doinuak ekarri ditu gogora Txuma Murugarrenek bere bakarkako seigarren diskoan. Izenburuak erakutsi bezala, «B aldeko kantuak» azaleratu ditu, garai bateko LPetan biniloaren bigarren zatian gorde ohi ziren abesti intimo eta ilunagoak aintzat hartuta. Ironiazko diskoa osatu nahi izan du musikari errenteriarrak, bakarkako ibilbidearen hamargarren urteurrenean norberaren bizitzako akats eta miserien gainean hitz egiteko.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
«B aldeko kantuak» (Gaztelupeko Hotsak) «lehenengo lerrora» pasa ditu Txuma Murugarrenek (Errenteria, 1964) bere seigarren bakarkako lanean, antzinako diskoen esanahia gogora ekarrita. Orain urte batzuk kaleratzen ziren LPetan A aldean kanturik onenak eta osatuenak, diskoa are errazago saltzera bultzatuko zutenak, jarri ohi zituzten diskoetxeetako arduradunek; kontrako aldean, B aldean, musikariaren sorkuntzarik ilunenak eta intimoenak ezkutatzen ziren, Murugarrenen gustukoenak, hain zuzen.
«Niretzat kantu guztiak dira B aldekoak, inoiz ez baitut erdietsi publiko osoaren onarpena. Beti mugitu izan naiz zirkulu txikiagoetan, B aldeko kantuak egiten, kantu zintzoenak baitira horiek», esan zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean.
60 eta 70eko melodien usaina ekarri du Murugarrenek lan berrira, eta kutsu hori nabaria da batez ere kantuetan erabilitako gitarretan eta bateria jotzeko moduan.
Azken batean, «disko ironikoa» dela nabarmendu zuen, baita «iluna» ere, musikari eta letrei dagokienez (guztiak berak sortuak izan dira). «Agian eskuetatik alde egin dit ideia horrek -aipatu zuen-, baina nire helburua ironiaz mintzatzea izan da, bizitzako akats eta miserien inguruan».
Kolaborazioak
Disko horrek bere bakarkako ibilbidearen hamargarren urteurrena goratzen du, eta bide horretan lagun izan dituen hainbat musikariren kolaborazioak jasotzen ditu «B aldeko kantuak» lanean. Hala, Asier Ituarte, Ekaitz Hernandez, Miguel Ramirez, Natxo Beltran, Rafa Aceves eta Rafa Ruedarekin batera lan egin du, eta Audience taldeak «Irratia gauean» kantuaren bertsio berritua gaineratu du hamaika abestidun disko honetan. «Oso libre sentitu naiz azkenengo hamar urte hauetan egindako lanetan, eta alboan gauza askotan laguntzen didaten lagunak ditut; beraien jakituria aprobetxatu dudala esan dezaket», ohartarazi zuen.
Txuma Murugarren Sasoi Ilunak pop taldeko abeslaria izan zen 90eko hamarkadan. Hura desegin ondoren, bakarkako bideari ekin zion 2000. urtean, eta ordutik bost disko argitaratuak ditu, atzo aurkeztutakoaz gain; «Nire leihoak» (Oihuka, 2000), «Hegazkinen arima» (Gaztelupeko Hotsak, 2001), «Gauak, neskak eta maletak» (GH, 2003), «Nire anaiaren kotxeko argiak» (GH, 2004) eta «Marjinalia» (GH, 2007). Horiez gain, Rafa Rueda eta Pettirekin «Hauxe» (GH, 2006) diskoa partekatu du eta «Larrialdietako irteera» (Paper Hotsak, 2006) liburua kaleratu.