Xabi San Sebastian eta Harkaitz Cano, Arriagako «Ahotsetan»
«Arriagako Gelatxoa» egitarauaren barruan, «Literatura eta Musika Euskaraz» zikloa jarri du abian Bilboko antzoki dotoreak. Bertan izango dira gaur Harkaitz Cano idazlea eta Xabi San Sebastian artista gipuzkoarrak, «Ahotsetan» ikuskizun berriarekin.
A. BILBAO | BILBO
«Ahotsen aitzakia hartuta», «Ahotsetan» ikuskizuna atondu dute Harkaitz Cano idazleak eta Xabi San Sebastian musikariak, gaur Bilbon taularatuko dutena. Gipuzkoarrak aurretik ere elkarlanean ibiliak ziren, Canok atzo agertu zigunez, baina honakoa dute elkarrekin landu duten ikuskizun osoena.
«Gure ahots bilduma partikularra osatu dugu», esanez aurkeztu zigun Canok «Ahotsetan». Eta tartean badira bitxikeriak ere. Agirre lehendakaria, Telesforo Monzon eta beste bi lagunekin batera New Yorkeko paraje ezezagun batean «Eusko Gudariak» kantatzen, esaterako. «1942 ingurukoa uste dut dela -argitu digu Canok-, eta garai haietan oso modan zegoen nork bere ahotsa grabatzea kabina antzeko batzuetan». Grabaketa San Sebastianek lagunduko du gitarrarekin, «oso ondo afinatzen baitzuten, harrigarriro». Gauza bera gertatzen da, jarraitzen du San Sebastianek, «euskara agertzen den lehen grabaketarekin ere, iragan mende hasieran Pariseko Erakusketa Unibertsalerako emakume bati grabatutako kantu batzuk».
Aipatutakoez gain, grabaketekin eta narrazioarekin bat datozen kantuak dira San Sebastianek emango dituenak. «Pare bat nireak dira, Laboarenak beste bi edo hiru, Sarriren hitzekin Ruper Ordorikak kantatzen duen bat, Billie Holidayrena beste bat, berak oso famatu egin zuen arrazakeriaren kontrako kantua, Uztapideren bertso batzuk, musikatu berri ditudanak...». Azken hauek gainera, ikuskizunerako propio musikatuak izan dira.
Zestoako bertsolari ezaguna aipatuta, «ahotsaren kontrakoa mutu gelditzea da» argitu digu grabaketa eta kantuen arteko tarteak hitzez eta irakurketez josiko dituen Canok «eta Manuel Olaizola `Uztapide' mutu gelditu zeneko bertsoaldia ere jaso dugu, bertsotara joan eta ezin kantatua izan zuenekoa, larrigunea sortzen duen korte grabatua». Izan ere, irakurketak baditu «mutuei buruzko istorio batzuk han eta hemen bilduak», eta alde horretatik, umore tarte eta pasarte dramatikoagoak uztartzen dituen testuak badu «saiakera kutsua ere».
Lasartear idazlearen esanetan, «irudiaren aroan bizi garela esaten da, baina susmoa dugu ez ote duen irudiak garai bateko inpaktua galdu, eta horregatik ahotsak berreskuratu ditugu, eta testuinguru berri bat eman».
Bigarrenez
Ikuskizunak bigarren emanaldia izango du gaurkoa -Donostiako Koldo Mitxelenan eman zuten orain bizpahiru aste aurrenekoz-, eta Canok aurreratu digunez, izango dira gehiago ere. San Sebastianek, bere aldetik, «oso harrera ona izan zuen, originala iruditu zitzaiolako ikusleriari», aipatu digu, estreinaldia aipatuta: «Musika eta hitzez gain kontu asko ukitzen ditu ikuskizunak, grabaketen bitartez denborarekin joko bat sortzen da, umore tokeak eta sakontasuna ere agertzen ditu... majo dago».
Bilboko Arriaga antzokiak gaur hartuko du ordubete inguruko «Ahotsetan» emanaldia, iluntzeko zortzietatik aurrera. Sarrerak salgai dira 10 euroan.
Bilboko Udalak eta Arriaga antzokiak elkarlanean bideratzen duten ziklo honi jarraipena emanez, Canok eta San Sebastianek osatutako bikoteari Xabier Euskitzek eta Joxan Goikoetxeak hartuko diote lekukoa otsailaren 1ean. Euzkitze oso ezaguna da gurean, bertsolari eta telebista aurkezle lanetan. Eta orain gitarra hartuta dator, Goikoetxearekin batera. Azken hau Hernaniko Musika Eskolako irakaslea da 1985etik eta abeslari zein talde askoren lanetan egin ditu ekarpenak. 2007an azken lana argitaratu zuen, «Innervisions» izenekoa.
Zikloak martxoaren 9an izango du segida, «Esanen aduanan» izeneko ikuskizunarekin. Bertan, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Yolanda Arrieta Lea-Artibaiko hirukoteak hartuko du parte, Esther Gabiolaren akordeoia eta biolina eta Uritze Lakaren flauta musika lagun dituztela. «Esanen aduanan» mugak, pasaporteak, trukeak, buru-hariak, mezuak, gutunak, mapak, kartografiak... trukatuko dira. GARA
Harkaitz Cano eta Xabi San Sebastianen ahotsez gain, Uztapide, Billy Holiday, Agirre lehendakaria, Telesforo Monzon eta beste hainbat ahots propio entzungo ditugu «Ahotsetan» saioan.