Itzarrik amets egitea zein zoragarria den gero!
Topikoei ihes egin nahian, Real Madrili sekula ez diola irabazi eta inoizko hasierarik onena egiten ari dela alegia, beste topiko batzuetan erori dira Gipuzkoa Basketeko kideak. Ez, hau ez da beste partida bat.
REAL MADRIL - LAGUN ARO BC
Arnaitz GORRITI
«Ongi hasi gara eta ederra da hori. Ondorioz, jendeak, kazetariek batik bat, Kopa edo titulurako kanporaketak aipatzen dituzte jada; guk ez dugu hurrengo partidaz harago begiratu nahi».
David Doblas Gipuzkoa Basketeko kapitain ohia mintzo zen horrela asteon eskainitako elkarrizketa batean. «Lau partida irabazi ditugu jarraian; egia esan, gure betebeharra egin baino ez dugu egin, partidarik zailenak gainean ditugu-eta», gaineratu zuen kantabriarrak.
Izan ere, kontraesanean bizi dira azkenengo asteotan gipuzkoarrak. Alde batetik, inoizko itxurarik onena ematen ari da taldea ACB ligan, eta horrek itzarrik amets eginarazten du. Zergatik ez? Bestetik, ordea, errealitatearekiko perspektiba galtzeko arriskua ere egon liteke. Nahiko lan kontzentraturik egoteko.
Nolabait esatearren, topiko baikorregiak baztertzeari ekin diote donostiarrek azken zortzi egunotan; horien ordez baina, beste topiko batzuk erabili dituzte. «Egon ziur Real Madrilen aurrean lehiakorrak izango garela», baieztatu zuen, adibidez, Doblasek. Ametsetan bai, baina ahopeka.
Iaz hasitakoa amaitzera
Egia da, bai, Real Madrili behin ere ez diola irabazi Gipuzkoa Basketek. Baina egia da ere iaz bertan-bertan izan zutela garaipena Lasorenek Madrilgo neurketan. 71-67 nagusitu ziren azkenean etxekoak. Bigarren laurdenetik aurrera markagailuan atzetik joan baziren ere, Pankoren lanari esker hurbil mantendu ziren azken minutuetara arte; Ignerski poloniarraren hirukoek markagailua 67-67 ere jarri zuten. Ostean, markagailuan bi puntu atzetik zirela, berdinketa lortzeko edo irabazteko abagunea izan zuen Barbourrek, baina Garbajosa aurretik eraman eta erasoko falta adierazi zioten.
Iaz hasitakoa amaitzeko abagunea bilatuko du Gipuzkoa Basketek, Lasoren topikoak gorabehera. «Egia da jokalariak motibatzen lanik ez daukadala partida honetarako, baina azken finean, hau beste partida bat da bakarrik». Benetan? Itzarrik ametsetan jarraitzea nahiago.