GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pobrezia hazi dela eta bereziki emakumeei eragiten diela esan du Baionako Caritasek

p017_f01.jpg

Ainize BUTRON

Secours Catholique-Caritas egiturak pobreziaren urteko datuen berri eman zuen atzo, eta, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoari dagokienez, lagundu dituzten familien kopurua %16 igo dela jakinarazi zuen. Urtean Secours Catholique egiturak 5.655 familia lagundu ditu, izan ere. Kopuruak urtero gora egiten du, baina 2009ko datu horiek «izugarritzat» jo zituen Germaine Bourdais Baionako egiturako ordezkariak. «Pentsatua genuen krisiaren ondorioak 2009an izango genituela, baina, ez genuen uste horrenbestekoak izanen zirenik. Eta, badirudi 2010ean ere joera hori izango dela», nabarmendu zuen.

Horrenbestez, argi utzi nahi izan zuen laguntza beharrean daudenek ez dituztela familia aurrekontua «kudeatzeko zailtasunak», baizik eta «daukaten soldatarekin» bizitzaren kostuari aurre egiteko ezinean daudela. «Ikerketa bat bideratua izan da arazoa nondik datorren zehazteko. Horrela, behin etxeari dagozkion gastuak ordaindu ondoren, asko dira janaritarako eta jantziak erosteko 250 euro baino gutxiagorekin bizi direnak», gehitu zuen.

Datu zehatzagoei so eginda, Caritasen laguntzak eskatu dituzten %94 pobreziaren mailatik behera daude. Horien artean, %55,5 emakumeak dira, eta, aurreko urteetan ez bezala, 50 urtetik gorako lagunen kopurua %30,5ekoa da eta handituz joan da.

«Emakumeen pobrezia goraka doala ikusten da, berriz ere, 2009ko datuetan. Aldiz, 50 urtetik goitiko pertsonen arazoa berria da. Hori lotua izan daiteke gure zonaldearen errealitate demografikoari», argitu zuen Bourdaisek. Orotara, Secours Catholique egiturak 89.499 euroko diru laguntza zuzenak banatu ditu 2009 urtean. «Ez gara sekulan kopuru horretara iritsi. 2010 urtean egoera larritzen ari dela ikusten dugu, abuztuan, aurrekontuaren %71 xahutua zegoen jadanik», erran zuen.

Lapurdi eta Donapaleu

Secours Catholiquek Baionako egoitzarekin batera, Hendaian, Donibane Lohizunen, Ezpeletan, Donibane Garazin, Maulen, Donapaleun eta Hazparnen kokatua dago eta bostehun laguntzaile ditu. Lurraldeen araberako bilakaera aipatzean, Baionan ez ezik, behar handienak Lapurdi barnealdean eta Donapaleun dituztela nabarmendu zuen.

«Etxebizitza sozialak eraiki dira inguru horietan. Alde batetik, gauza ona da, baina, lana aurkitzeko zailtasunak izateaz gain, mugitzeko arazoak dituzte, ez baitago ez garraio ez beste motako zerbitzurik. Horrek zailtasunak areagotzen ditu», gogoratu zuen. Azkenik, azken urteotan egiturak bultzaturiko mikrokredituen arrakasta goraipatu zuen Bourdaisek.

Proiektu jakin baterako emanak diren kreditu horiek urtebetez bikoiztu dira, beraz, eta, %70 garraioari loturiko beharretarako eskatuak dira.

«Gure zonaldean zabaldu dira kreditu horiek gehien. Gehienetan 2.000 euroko kreditu txikiak eskatzen dira», gehitu zuen. Secours Catholiquen aurrekontuaren %95 eskaintzak direla erranez bukatu zuen agerraldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo