GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xabier Zubizarreta Lasagabaster | Arrasate

Goienatik goienera

Goiena (Goitb, «Goienkaria», edizio digitala eta abar) sortu zela hamar urte betetzen direla-eta, Tokiko Hedabideen nondik norakoak duen interesak eraginda, honako burutapenak egitera ausartu naiz.

Goiena sortu aurretik, gure bailarako herrietan, Arrasate aitzindari, euskarazko hedabideen beharraz oharturik, hainbat iniziatiba garatu ziren; garrantzitsuenak, herrietako aldizkariak, irratiak eta bereziki ATB (Arrasate TB) aipatuko nituzke. Beraien bultzatzaile, euskararen alde lanean ari ziren zenbait elkarte eta euskaltzaleren artean, AED.

Euskararen berreskurapen eta normalizazio lanean, hizkuntza erakusten jardun izatetik, euskararen hedapen fase batera pasatu zen; eta zeregin horretan, noski, hedabideen garrantziaz jabeturik, Debagoieneko herri guztietan sortu ziren euskarazko aldizkari edota irratiak.

Ez zen makala erronka; baina gure hizkuntzak bizi zuen eta duen hil ala biziko egoera honetan, ezinbestekoa.

Eta esan dezaket emaitzak benetan interesgarriak izan zirela; demostraturik geratu zen posible zela euskarazko hedabide interesgarri eta eraginkorrak antolatzea.

Euskararen erabilpen normalizatua, gertakizun arrunt bihurtzen laguntzea, euskararen funtzio sozialari behar zuen ospea ematea, komunikazio tresna eguneratu eta eguneroko bihurtuz. Finean, oharkabean, euskaraz bizitzen ikastea, ahalegin kolektibo batean.

Geroztik, 20 urte luze pasa dira, baina orduko asmoak gauzatzea agian uste baino bide luzeagoa dela ohartuko zen edonor ere.

Hamar urte dira, herrietako antolamenduetatik Debagoiena mailako dimentsioa hobetsiz, «Goienkaria», GOITB, Internet bidezko zerbitzuak eta abar eskaintzera pasa zirenetik. Eta kudeaketaren ikuspegitik, ziur naiz horrela behar dela.

Baina Tokiko Hedabideok ez dira euskara hutsez egiteagatik bakarrik bereizten direnak; bereizi beharra dute ikusle/irakurleagandik hurbil kokatzen direlako ere.

Batetik, hori eta, bestetik, biziraun beharrak ezartzen dituen arauei ihes egin nahian bilatu beharko da ezinbesteko oreka.

Erronka ez zen makala, ez, baina inguruan ditugun lehiakideak ere ez; eta horiei guztiei aurre egin beharra dago.

Gurea baino hizkuntza garatuagoen aurka, hedabide erraldoien aurka, bitarteko gutxirekin, administrazioaren aldetiko babes eskasarekin, baina euskaltzaleon borondate irmoarekin, badago aurrera egiterik. Egun hobeak helduko dira !

Bitartean, erronkak hor jarraitzen du, hots, biziraun beharra, baina geure izaera mantenduz; benetako izaten jarraituz; hurbiltasuna mantenduz, azkar eta ondo, usoak hegan bezala, eginez.

Zaila zela? Zaila izaten jarraitzen du; baina Goienak, euskararen eta debagoiendar guztion baratze izaten jarraitu behar du aldi berean. Eta ziur naiz, beti bezala, erronka honi ere aurre egingo diogula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo