GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joxe Fermin Lizarraga Lazkano | Leitza

Josu Jonen herentzia

Zapatero salbatzearen truke, gaur egun euskaldunok ezinbestekoak ditugun eskubide politikoak, judizialak eta abar exijitu beharrean, espainolistek ikurtzat duten autonomismoa indartuz, duela hogeita hamar urte lortutakoaren zati zaharkitu bat lortu dute. Lehen edo orain gezurra esan digute.

Urkulluk orain ezker abertzaleari denbora agortzen ari zaiola eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko exijitzen dio. Une honetan non dago bortizkeria? Nor mugitu beharko litzateke bide soilik politiko eta demokratikoetara?

«Conflicto vasco» delakoa moldatzeko Madrilen egiten dituzten bileretan, Iñigo, Alfredo eta Jose Luisek agian Euskal Herrian mugitzeko gehiegi estutzen duen gorbata laxatu eta oinak mahaiaren gainean dituztela, eroso aritzen dira. Beraien erabakiei arrazoiak azalduz aurre egiteko gai diren politikariak kartzelan edo kartzelarekin mehatxatuta dauden bitartean. Erakunde ageriko eta baketsuen kontrako sarekadak, horien kideei eman beharreko tratua, sakabanaketak, eskubide judizialak, politikoak eta abarri dagozkien salbuespenak, non erabakitzen dira?

Boz abertzaleei eusteko eginahaletan, tarteka, ustez denborak eta esanak ongi neurtuta Egibarrek esaten dituenak, entzungarriak izan arren, alderdi barruko paper banaketa batetik harantzago ez dute sinesgarritasunik, politikan esateak baino egiteak balio askoz handiagoa baitu.

Nahiago nuke hala ez balitz, baina zerbait jokoan dagoen aldiro bezala, EAJ botere espainiarrarekin lerrokatuta ikusten dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo