GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euroagindu eskaera berria tarteko, Aurore Martin espetxeratu dute

Hilabete gutxi batzuen tartean, bigarrengoz eskatu du Madrileko Auzitegi Nazionalak Aurore Martin Batasuneko mahaikide ohia Espainiaratzeko. Indar abertzalearekin lotutako jarduera publikoa (baita Lapurdin ere) izatea leporatzen diote. Oraingoan, ordea, euroagindu eskaera jakinarazi ostean Paueko fiskalak Seysseseko espetxera igorri du. Datorren asteartean aztertuko dute eskaera. Batasunak, Segik eta Askatasunak gogor salatu dute operazio berri hau.

p010_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Auzitegi Nazional espainoleko 5. aretoak bigarrenez urriaren 13an igorritako euroagindu eskaeraren ondorioz, atzo atxilotu eta espetxeratu zuten Aurore Martin militante abertzalea.

Haren abokatuak adierazi duenez, ekainean atzera bota zioten eskaeraren haritik egin du Madrilek bigarren hau ere: Batasuneko kide izatea, eta, hortaz, «ETAren aginduetara» jardutea leporatzen diote Martini.

Alta, oraingoan xehetasun berriak erantsi ditu auzitegiak: «Leporatzen diotena da 2005 eta 2008 tartean, Euskal Herri osoan -baita Baionan eta Uztaritzen ere- Batasunarekin lotutako jardun publikoa izatea» azaldu du abokatuak, bere harridura ezkutatu ezinik.

Izan ere, Estatu frantsesean Batasuna legezkoa izaki, «akusazioa kezkagarria» dela deritzo. Are eta ulergaitzago egiten zaio fiskalak Aurore Martin espetxeratzea erabaki izana: «Aurrekoan aurkeztu genituen berme berberak aurkeztu ditugu, eta, hala ere, presondegira bidali du».

Mahaikide ohiak bezperan jaso zuen, bere etxera joandako jendarmeen eskutik, Donibane Garaziko Jendarmerian aurkezteko agindua. Hala, goizeko zortzietan, 25 bat kide lagun zituela, igaro zuen Jendarmeriako atea. Bertan atxilotu, eta Paueko fiskalaren aitzinera eraman zuten, bere aurkako euroagindu eskaeraren jakinarazpena aurrez aurre egiteko.

Tramite hori bete ostean ez zen, ordea, libro irten auzitegitik, Espainiaratzeko eskaeraren berri ematearekin batera, espetxeratzeko agindua ere jaulki baitzuen fiskalak.

Seysseko espetxera

Manua egikarituta, Seysseseko espetxean preso sartu zuten Martin atzo goizean bertan. Datorren asteartean berriro eramango dute Paueko auzitegira Madrilgo eskaera aztertzearren.

Abokatuak ez zuen zehaztu atzo informazio gehiago eskatuko duten ala ez, baina, «bederen, askatasun eskaera onartzeko» eskatuko diote epaileari.

Batasunak «fermuki» salatu du «atxiloketa politiko judizial berri hau» eta ezker abertzalearen «kontrako estrategia errepresiboaren» barnean kokatu du. Operazioaren izaera «politikoa» nabarmenduta, «ezker abertzaleak prozesu demokratiko baten aldeko apustua» egin duelarik gertatu dela gogorarazi du. Indar abertzaleak Parisi aurpegiratu dio «jarduera politiko eta sozialagatik hamarnaka militante Espainiako justiziaren esku» utzi izana.

Segik ere ozen salatu du Estatu espainolak, «Estatu frantsesaren konplizitatearekin, bere kontrako oposizio politikoa atxilotu eta espetxeratzeko» baliatzen dituela prozedura hauek.

Askatasunak, berriz, «jokamolde errepresiboak» salatu eta mobilizatzeko deia zabaldu du. Atzo arratsean Donibane Garazin 60 lagun eta Maulen 30 bildu ziren Aurore Martinen askatasuna exijitzeko.

Espainiaratzeko lehen eskaera ez zuten onartu

Ez da lehen aldia Madrileko Auzitegi Nazionalak Estatu frantseseko epaileei Aurore Martin Espainiaratzeko eskatzen diena. Joan den maiatzaren 19an beste afera batengatik (DNAren lagina emateari uko egin ziolako) atxilotua izan zelarik, Batasuna sumarioarekin lotutako karguengatik 2009ko uztailean egindako euroagindu eskaeraren berri eman zioten, baina ez zuten espetxeratu.

Ekainaren 1ean Garzon epailearen eskakizuna aztertu zuen Paueko auzitegiak baina astebete geroago, ez onartzea deliberatu zuen. Orduan, alderdi, sindikatu, elkarte, hautetsi eta eragile sozial eta politiko ugarik Madrilgo auzitegi bereziaren eskaerarekiko beren aurkakotasuna azaldu zuten eta militante abertzalea ez entregatzeko eskatu zieten epaileei.

Martin ez ezik, Ipar Euskal Herriko beste militante batzuk ere Madrileko Auzitegi Nazionaleko sumarioetan auzipeturik daude. Zehazki, Xabi Larralde, Jean-Claude Agerre eta Ahizpea Abrisketa «Batasuna auzian» eta Xarlo Etxezarreta, Hazparneko hautetsi ohia, «Udalbiltza auzian».

Hiritartasun frantsesa duten euskal herritarren aurkako euroagindurik ez du, oraingoz, onartu Parisek. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo