Munduko liderren gorreria, jendearenganakoa
Estatu espainoleko hainbat gizarte erakundek Madrilgo Gobernuari eskatu diote G-20koen gailurrean nazioarteko finantza transakzioen gaineko tasa defenda dezala eta gardentasunez joka dezala. Izan ere, joan den irailean presidente espainiarrak tasa hori defendatzeko bere Gobernuaren konpromisoa agertu zuen; hala ere, ondoren, Gobernu horretako Ekonomia Ministerioko arduraduna Europar Batasunean tasaren aldeko proposamen bateratua eragotzi zutenekin lerrokatu zen, Alemaniako iturri diplomatikoen arabera.
Munduko liderrek, krisia ukatzerik izan ez zutenean, kapitalismoaren birfundazioa, paradisu fiskalen bukaera eta finantza munduaren kontrol handiagoa iragarri zuten. Luze gabe, ordea, hori guztia ahaztu eta gaur egun langabezia murriztea, Milurtekoaren Helburuak, klima aldaketari aurre egitea eta premia biziko beste hainbat proiektu kasurik onenean aipamen erretorikoetarako geratu dira. Datozen egunetan G-20koak bilduko dira Seulen, eta 23 herrialdetako 200 sare eta erakundek, nazioarteko finantza transakzioak fiskalizatzeari buruzko eztabaidari heltzeko borondate politikorik ez dagoen uste osoa dutenez, mezu argia helarazi diete: «Entzun jendeari, ez bankuei». Zoritxarrez, munduko herrialderik boteretsuenen lehentasunak ezagunak dira, eta, beraz, haien gorreria norenganakoa den ere jakina da.