GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

«Pas pour longtemps»

Ezkaratzean sartu bezain laster postontziari begiradatxoa ematen diot beti (ez postontzi elektronikoari, gero eta gutxiago erabiltzen den gutun-azalen gordelekuari baizik). Eskutitza espero nuen eta iritsi zitzaidan, noski. Bigarren solairura oinez igotzeko ohitura ere badut, klaustrofobiatik ihesean joaten bainaiz, eskaileretan gora. Giltzekin krisketari bi aldiz eragin ondoren etxean naiz. Jesus Egigurenek agurtu nau La Sextako elkarrizketan, ni eta eremu berberean bizi garen beste milaka euskal herritar. Oraingoan ere ez du inor aipatu gabe utzi. Ez eta ezker abertzalea ere. Arnaldo Otegiri estimua omen dio eta euskal gatazka oso desberdin bizi omen da Euskal Herrian bertan edo bere mugetatik kanpo. Egoera beste aldetik bizi izan dutenekin ere hainbat puntutan bat egiten duela onartu zuen, nahiz eta iritzi desberdinekoak izan. Euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko keinuak ere egin zituen, politika «gerturatu» egin behar dela argudiatuta. Saioko aurkezle-gidariak kasik hitzik egin gabe eta entzumenari erabat atxikita jaso zituen lasai itxurako politikariaren hitz-jarioa.

Zaila izango omen da ezker abertzalea 2011ko hauteskundeetan legearen barruan parte hartzen ikustea, baina boz autonomikoetarako aukera zabalagoa izango dela iragarri zuen. Epe motzera begiratzea nahiago izango du akaso, eta horregatik jarri zituen gerturatzen ari diren Eguberriak historiaren impasse honetatik irteten lagunduko duen beste keinuren baten seinaleen data gisa. Nork daki.

Eskutitzari erreparatu diot berriro. «État espagnol, pas pour longtemps» irakurri dut etxeko helbidearen azpian, «Euskal Herria»ren atzean. Eta Egigurenen irudia etorri zait berriz burura. Hark ere Euskal Herria Estatu espainolaren zati denbora gutxian izango dela pentsatuko al du? Kasualitatez, orain arte harremanik izan ez dudan herrikide batek idatzi dit espetxetik; bere bizitzaren alde bakarra ezagutzeko aukera izan dut soilik orain arte, eta eskutitz bidez gainera, aurrez aurreko hartu-emanik gabe. Gauza guztietan ikus liteke beti beste aldea, eta askotan han ezkutatzen da aferaren muina. Bi begietatik gauza ezberdinak ikustean datza gakoa. Euskal Herria, oui pour longtemps!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo