«Motxo» ontziari buruzko argibiderik eza salatu dute Deba eta Zumaiako alkateek
GARA |
Debako eta Zumaiako alkateek, Jesus Mari Agirrezabalak eta Iñaki Agirrezabalagak hurrenez hurren, «Motxo» arrantza-ontziaren egoeraren gaineko informaziorik ez dutela jaso salatu zuten atzo. Deba eta Zumaia artean joan den ostegunean hondoa jo zuen Bermeoko ontziaren auziaren gainean «ezintasuna» sentitzen dutela aitortu zuten prentsaren aurrean eta jasotako informazioa «soilik aurrez galdetuta» eskuratu dutela eman zuten aditzera.
Gainera, itsasontziak gasolioa isuri duela -13 eta 15 tona artean- oroitarazi zuten. Bi herri hauen arteko itsaslabarra babestutako biotopoa da, eta istripuaren berri izan zenetik kezka handia sortu da, ingurumenean eragin ditzakeen kalteak direla-eta. Atzoko agerraldian bi alkateek kezka hori mahai gainean jarri eta kalteak aztertzeko eskaria egin zuten.
Bestalde, itsasoaren oldarraldiak izan du eraginik «Motxo»n. Atzo goizaldean dozena bat metro mugitu zuen itsasoak arrantza-ontzia.