Bilbobuseko grebak luze jo dezakeela ohartarazi du langileen batzordeak
Bilbobuseko greba mugagabeko lehen egunaren jarraipen erabatekoa izan zen, Veoliako langileen batzordeak atzo adierazi zuenez, eta enpresak eta Bilboko Udalak hausnarketa egin behar dutela gaineratu zuen. Besteak beste, langile gehiago kontratatzeko eskatzen dute.
GARA
Veolia enpresako langileen batzordea pozik agertu zen atzo, Bilbobuseko greba mugagabeko lehenengo egunean langileek eman duten erantzunagatik. Pedro Angulo batzordeko presidenteak adierazi zuenez, atzoko lanuztea erabatekoa izan zen, eta, horregatik, enpresak eta Bilboko Udalak hausnarketa egin behar dutela gaineratu zuen.
Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, gutxieneko zerbitzuak bete egin zirela azaldu zuen Angulok. Lakuako Gobernuak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen. Anguloren arabera, gainerako langile guztiek grebarekin bat egin zuten. Joan den astelehenean enpresak eta batzordeak ez zuten lortu langileen eskaerei erantzuteko hitzarmena. Batzordeko presidentearen arabera, «aurrerapenak izan ziren, baina ez greba bertan behera uzteko nahikoak». Batzordeak gogorarazi zuen dagoeneko enpresak adostutako 14 puntu ez dituela bete. Gaur egun, desadostaun nagusia langile berriak kontratatzeko eskaera da. Langileek urtero egiten dituzten 28.000 aparteko orduak jaiegunen bidez hartzeko aukera izango lukete horrela.
«Egun libreak izateko eskatzen dugu eta ezetz esaten digute, dirurik ez dagoelako. Aparteko orduak egin dituzten langile horiek jaiegunak izateko eta langile gehiago kontratatzeko galdegiten dugu», azaldu zuen.
Langileek manifestazioa egin zuten atzo Bilbon eta udaletxe aurrean bukatu zuten. «Udalak eman dio Bilbobuseko kontzesioa Veolari, eta horregatik Udalak eta enpresak hausnarketa egin behar dute», esan zuen batzordeko presidenteak. Enpresak, bestalde, salatu zuen hiru autobusetan kristalak apurtu zituztela eta batean gurpilak zulatu zituztela. Langileek ez dutela zerikusirik izan adierazi zuen batzordeak, ibilgailuak garajean zeudelako, Ertzaintzak zainduta.
Enpresak zein Udalak hausnarketa egitea beharrezkoa dela adierazi zuen langileen batzordeak, izan ere, Udalak eman zion Veoliari Bilbobus zerbitzuaren kontzesioa.