ERREMONTEA Binakako Txapelketa
Txapeldunen arteko oreka
Azysa eraikuntza enpresak babestuta, sei bikotek hartuko dute parte larunbatean Galarretan hasiko den lehiaketan. Finala abenduaren 18an jokatuko dute eta Gorka Urtasun da aurpegi berri bakarra.
Asier AIESTARAN
Ahalik eta lehiaketa orekatuena antolatzearen alde apustu egin dute Oriamendi 2010 enpresako arduradunek Binakako Erremonte Txapelketaren 40. urteurrena ospatzeko. Guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta, eta bikote bakoitzean txapeldun izandako pilotari bat dago. Lehia asteburu honetan bertan hasiko da eta finala abenduaren 18an jokatuko dute Galarretan.
A multzoan Ezkurra-Olazar, Juaristi-Lizaso eta Urtasun-San Miguel bikoteak daude; B multzoan, berriz, Zeberio II.a-Ion, Urriza-Etxeberria III.a eta Uterga-Urrutia I.a. Multzo bakoitzeko aurreneko biek finalerdiak jokatuko dituzte, A multzoko lehena Bko bigarrenaren aurka eta alderantziz, eta finalean sartzeko bi partida irabazi beharko dira. Beraz, beharrezkoa balitz, berdinketa hausteko hirugarren neurketa bat egongo da.
Zeberio II.a (1998, 2001, 2003, 2004, 2005 eta 2010), Ezkurra (1994, 1999 eta 2007), Urriza (2007 eta 2008), San Miguel (2006 eta 2008), Lizaso (2007) eta Urrutia I.a (2005) dira bikoteka txapeldun izatea zer den dakitenak. Zenbakiak aztertuta, Patxi Zeberio da binakako txapel gehien dituen pilotaria, sei, eta Koteto Ezkurra da finalik gehien jokatu dituena, zortzi, orain urte batzuk erretiratu zen Altuna I.arekin berdinduta.
Aipagarria da, era berean, 2009an irabazle irten zen atzelaria, Imanol Badiola, min hartuta dagoela uneotan eta ezingo duela, beraz, iazko txapela defendatu. Aurpegi berriei dagokienez, Gorka Urtasun izango da Binakakoan lehen aldiz arituko den pilotari bakarra. Iruritako aurrelariak 24 urte ditu, esku pilotan jokatu zuen gaztetxotan, eta 2009an egin zuen debuta profesional mailan.
Atzelari Julen San Miguel izango du Urtasunek, bikoteka bi aldiz txapeldun izandakoa eta aurten Buruz Buruko Txapelketako finalista. «Urtasunek jauzi handia eman du azken urtean eta enpresak aukera eman dio txapelketa jokatzeko. Pilotari fina da eta uste dut maila ona emango duela», esan zuen atzelari nafarrak Euskadi Irratian.
Bere hitzetan, bikoteen arteko oreka nabarmena da, eta enpresari ahalegin hori eskertu nahi izan zion: «Oso txapelketa parekatua antolatu dute. Azken urteetan irabazle izan diren ia denak hor daude, Ezkurra, Zeberio, Lizaso, ni neu... eta denak bikote desberdinetan nahastuta gainera. Uste dut enpresa berri honek asmatu egin duela horretan eta ea denon artean txapelketa on bat egiten dugun».
Lehiaketa larunbatean hasiko da Galarretan A multzoari dagokion partidarekin: Ezkurra-Olazar/Juaristi-Lizaso. B multzoko lehen norgehiagoka, berriz, datorren asteartean iritsiko da: Zeberio II.a-Ion/Urriza-Etxeberria III.a. Finalerdiak azaroaren 29an hasiko dira, eta abenduaren 18ko finala ETBk eskainiko du zuzenean. Partida guztiak Galarretan jokatuko dituzte, finalerdietako bigarren neurketa izan ezik -horiek Uharteko Euskal Jai pilotalekuan izango dira-.
Uterga indartsu itzuli da
Txapelketari begira, interesgarria suertatu zen atzo arratsaldean Galarretan jokatutako jaialdia. Berri onena Santi Utergak partida nagusian emandako maila ona izan zen, urrian lesio baten erruz aste batzuk jokatu gabe egon ostean. Aurrelariak 25 tanto egin zituen, San Miguelekin batera Urriza eta Etxeberria III.aren aurka 34-40 irabazteko. Kontuan izan behar da Utergak Urrutia izango duela atzelari, koadroko indartsuenetako bat, eta atzo mendean hartu zuten bikotea Binakakoan ere elkarrekin arituko dela. San Miguelek zortzi tanto eta bost huts egin zituen; Urrizak, 16 tanto eta huts bakarra; eta Etxeberria III.ak, laukoteko pilotari ahulenak, sei tanto egin zituen jokoan eta bost pilota galdu.