Nicolas Roeg britainiarra eta Luis de Pablo musikari bilbotarra omenduko ditu Zinebik
Bilboko zinema dokumental eta film laburren nazioarteko jaialdiaren 52. edizioa azaroaren 22tik 27ra ospatuko da. Aurkeztutako 3.196 filmetatik 73 izan dira aukeratuak, horietatik bederatzi, euskal zinemagileenak.
Ane ARRUTI | BILBO
Iaz baino berrehundik gora film gehiago aurkeztu dira Zinebiren 52. edizio honetara, 3.196 orotara, eta hautaketa batzordeak 73 aukeratu ditu datorren astean ospatuko den jaialdian sail ofizialean lehiatzeko. Atzo egindako aurkezpenean Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariak azaldu zuenez, «film laburrek une honetan duten osasun onaren erakusle» dira zifra horiek.
Euskal zinema ere sasoi betean dela azaldu zuten antolatzaileek. 76 lan aurkeztu dira, inoiz baino gehiago, eta horietatik hamar izango dira sail ofizialean, guztiak fikzio edo animazio lanak. Tartean dira Asier Altunaren «Artalde», Borja Cobeagaren «Un novio de mierda», Mikel Ruedaren «Cuando corres» eta Angel Aldarondoren «Ondar aroak».
Animaziozko lanetan izandako gorakada nabarmendu zuen Del Riok. Hala eta guztiz ere, fikziozko lanak dira oraindik ere nagusi. Guztira, hamar dokumental, 41 fikziozko film labur eta beste 22 animaziozko film labur izango dira. Jatorriari dagokionez, berriz, ohiko Alemaniaz, Britainia Handiaz, Estatu frantsesaz eta espainiarraz edota AEBez gain, orain arte ezezagunak izan zaizkigun Japonia, Letonia, Zeelanda Berria eta Ukrainatik iritsitako lanak ere jaso dituzte.
Datorren astelehenean, Luis de Pablo musikari bilbotarrari Ohorezko Mikeldia eskainiz abiatuko da aurtengo Zinebi jaialdia. Musikari bilbotarrak tarte berezia izango du zinemaldi honetan, izan ere, bere musikarekin osatu diren filmak ikusteko aukera izango da. Inaugurazio galan, esaterako, Nestor Basterretxeak 1963an zuzendutako «Operación H» film laburra proiektatuko da.
Bigarren Ohorezko Mikeldia Nicolas Roeg (Londres, 1928) zinemagile britainiarrak jasoko du amaiera ekitaldian, hilaren 27an. «Batzuetan oso polemikoa da, bere suspense-film batzuetan giro surrealista bitxia erakusten duelako, zuzentzeko duen estiloa oso pertsonala da, nahita itxuraldatzen du errealitatea, hurbilketa naturalista egin beharrean», azaldu zuen Zinebiko programatzaile Luis Eguiraunek.
Gainerakoan, ziklo ugari proposatzen ditu aurtengo Zinebik. Espainiarrek Parisen 1945 eta 1978 artean filmatutako lanak, Beat belaunaldia deituriko gazteek sortutako filmak, Scottish Documentary Institutek egindako ekimenak, Ian Whitek aukeratutako Britainia Handiko «sorkuntza-lan apurtzaileenak» edo Irina V. Evteeva errusiarraren ezohiko filmak... Programa oraindik zehazteke dago eta www.zinebi.com atarian argitaratuko dute egun hauetan.
Obra: «La última cena».
Autor: Ignacio Amestoy Eguiguren.
Intérpretes: José Maya, Bruno Lastra. Escenografía y dirección: Juan Pastor.
Producción: Guindalera Escena Abierta.
Lugar y fecha: Teatro Principal de Alicante, 8-11-10.
Arriaga antzokian, BBK aretoan eta Alondegiko zinemetan izango dira proiekzioak. Egunak eta orduak zehazteke daude oraindik eta www.zinebi.com atarian plazaratuko dituzte egun hauetan.
Beat belaunaldia deiturikoari eskainitako zikloaren baitan, Laurie Anderson abeslari estatubatuarrak kontzertua eskainiko du BBK aretoan.