GARA > Idatzia > Kultura

Ander Izagirreren «Groenlandia cruje», Mikel Essery bidaia-kontakizun lehiaketan irabazle

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Mikel Essery (Zarautz, 1953-Yemen, 2007) bidaiari amorratua zen. Yemenen, beste bederatzi lagunekin batera, atentatu batean hil zenetik, hiru urte pasa dira, eta bi, bere izena daraman bidaia kontakizunen lehiaketa ospatzen denetik. Ander Izagirreren (Donostia, 1976) «Groenlandia cruje» kontakizuna gailendu da azken edizio honetan. Halaber, «Mambo poa2» liburua aurkeztu zen, hain zuzen, parte hartzaile guztien istorioak biltzen dituen argitalpena.

Izagirre kazetari eta idazleak Groenlandiakoa inoiz egin duen «ibilaldi ederrena» dela baieztatu zuen atzo Donostiako aurkezpenean. Paisaiekin hunkitzen ez den horietakoa dela aitortu zuen, baina han ikusitakoa izugarria zela erantsiz, bertan «gertatzen ari dena» bildu beharra zuela esan zuen, alegia, hiru belaunalditan historiaurretik gizarte garaikidera arteko jauzia eman dela. «Harrizko etxeetan bizi diren agureak eta globalizazioan bizi diren gazteak elkarrekin bizi dira bertan». Bestetik, izotza urtzen ari dela gogorarazi zuen: «Horrek euren bizimodua desagerraraziko du, baina azpian dagoen petrolioa eskuratu ahal izango dute, garai modernoetara egokituz».

Guztira, 147 testu jaso dira, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, galegoz eta euskaraz. Azken honetan parte hartzea jaitsi egin dela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Urtarrilaren 1ean zabalduko da Mikel Essery lehiaketaren 3. edizioan parte hartzeko epea. Informazio gehiago eskuratzeko mikelmunduan.net web orrialdera jo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo