GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Amaia Elixeri Segiko kidea

Ipar Euskal Herriko hautetsiei gutun irekia

Ez dugu ulertzen nolaz 10.000 baino gehiago ziren herritar intsumiso eta desertoreak ez diren aipatzen. Frantziaren kasketaldiagatik hil ziren euskaldunak frantses banderarekin omentzeak oldartzen gaituelako

Badu zenbait urte orain, Segi gazte antolakundeko militanteek ekimenak burutzen ditugula frantses besta egunen kari. Egun horiek arrotzak direlako euskaldunentzat, borroka egunak dira guretzat. Gutun honen bidez, zuei, herriko kontseilariei, ekimen horien arrazoiak esplikatu nahi genizkizueke.

Gaur, azaroaren 11n Frantziak Lehen Mundu Gerlaren armistizioa ospatzen du. Kari horretara, frantses Estatuaren mugetan kokatzen diren eskualde guzietako herriko etxeetan frantses banderak ateratzen dira eta gerla horretan parte hartuz hil diren soldadu guziak omentzen dira.

Baina guretzat, egun hori ez da horretara mugatzen. Iruditzen zaigu frantses Estatuak egun horiek baliatzen dituela, alde batetik, bere propaganda historikoa biztanleriaren buruetan sartzeko eta, bestetik, kolonizatuak diren hainbat herrien menpekotasuna azpimarratzeko. Bi puntu horiek oihartzun handia eragiten dute Euskal Herrian, gure herrian.

Lehen Mundu Gerlaren egiteko arrazoiak ez dira euskaldunen onerako eginak izan. Garai hartan, herri honetan bizi ziren gizon eta emazteen gehiengoak ez zen frantsesez mintzatzen, ez zuen frantses izaitearen sentimendua. Horren ondorioz euskaldun anitzek ez zuten onartu gerla egitea: batzuk intsumiso egin ziren, beste batzuk frontetik desertatuz ihes egin zuten.

Zergatik? Batzuk arrotza irudikatzen zuten frantses Estatuaren interesentzat ez zutelako borrokatu nahi; besteek, gerlak eragiten dituen itsuskeriak justifika ezinak zirela pentsatzen baitzuten. Estatu osoan biztanleak intsumiso egin ziren, baina Euskal Herrian da intsumiso eta desertore kopuru handiena. Garaian, herritar anitzek hautu hori egin zuten, eta horien familiek garesti pagatu zuten:

Heriotza kondenak, erbesteratzeak, presondegi zigorrak... hauek dira gerla ez egiteagatik frantses Estatuak jasanarazi zituen tratuak!

Frantziak euskaldunen bizkar, bere garaipenak egin ditu: alde batetik, frantsesak ez ziren euskaldunak frantsestu ziren frontean. Han, frantses hizkuntzaz aparte beste mintzaira guziak debekatuak baitziren. Gerla bukatu eta soldadu izan ziren euskaldunak frantses izaiteaz harro sartu ziren herrira. Frantziak atzeman zuen aspalditik xerkatzen zuena: euskaldunak frantsestea, horien nortasunaz gabetuz.

Bestetik, frantses Estatuaren aurrean intsumiso izatea hautatzen zutenak errepresioaren bidez herritik kanporatuak edo erailak izan ziren, argi utziz zer izanen zen ondorioa ber bidea hartzeko gogoa zutenentzat.

Gaur zer? 2010ean ere omenduko dira gerla hartan hil zirenak. Segik argiki adierazi nahi du errespetu osoa duela gerla hartan hil zirenentzat, jakinez Frantziak herritarrak soldadu izaitera behartzen zituela, heriotz kondenaren mehatxu pean.

Haatik, ez dugu ulertzen nolaz 10.000 baino gehiago ziren herritar intsumiso eta desertoreak ez diren aipatzen. Zalantzan ezartzen dugu ere omentzeko manera, Frantziaren kasketaldiengatik hil ziren euskaldunak frantses banderarekin omentzeak oldartzen gaituelako.

Gaur egun, argi dugu Frantziak egun horiek baliatzen dituela jendartean frantses izaitearen sentimendua mantentzeko. Historia haien mesedetara desitxuratzen dute, besteak beste, gaur ere haien armadarekin egiten dituzten itsuskeriak justifikatzeko.

Zentzu horretan, gu ere frantses eredu zapaltzailearen aitzinean intsumiso gara. Eredu hori ordezkatzen duten sinbolo arrotzak, gure herrietatik kentzen segituko dugu. Frantziak Euskal Herria zapaltzen segitzen dueno, ez dugu ikusten zergatik errespetatu beharko genukeen. Frantziak Euskal Herriak dituen eskubideak ukatzen ditueno, ez dugu ikusten zergatik bere sinboloak onartu beharko genituzkeen.

Bihar zer? Bihar ere bide beretik jarraituko dugu, gure herriak bere burujabetza ukaiteko eskubidea eta beharra duelako. Ez gara frantsesak, ez eta espainolak ere. Euskaldunak gara eta kitto. Hemen ez da Frantzia, ez Espainia, Euskal Herria da. Gazte bezala, konpromisoa hartzen dugu Euskal Herriaren askatasunaren ateen irekitzeko, beste eredu batean sinesten dugulako eta beste eredu hori independentziaren bidean bakarrik eraikiko dugulako.

Aniztasunaren Euskal Herria, berdintasun sozialaren Euskal Herria, duintasunean biziko diren laborari, arrantzale eta langileen Euskal Herria, ikasleen onerako hezkuntza sistemaren Euskal Herria... gauza horietarako guzietarako borrokatzen gara, xumeki baina determinazioz. Borroka justua dela konbentzituak garelako.

Segirekin beti entseatu gara gure mezua jendartean diren eremu sozial guzietan zabaltzen. Gutun honen bidez luzatu dizuegun irakurketari buruz, uste dugu hainbat puntuk gogoeta merezi dutela, eta nola ez, baita herrietako kontseilarien artean ere.

Azaroaren 11 iritsi da eta frantses banderak aterako dira herriko etxeen leihoetatik. Zein leku ukan behar du Euskal Herria eta bere herritarrak zapaltzen dituen estatu baten sinboloak? Leku bat merezi badute behintzat...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo