Brouard eta Muguruza, herritarren gogoan
Santi Brouard eta Josu Muguruza omenduko dituzte azaroaren 20an, Brouard hil zuteneko 26. urteurrena eta Muguruza hil zuteneko 20.a betetzen baitira egun horretan. Hala jakinarazi zuten bi militante abertzaleen senideek eta ezker abertzaleko zenbait militantek atzo, Gasteizko Legebiltzarrak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek antolatutako Memoriaren Egunean, biktima guztiak gogoan izan ez zituzten ekitaldiak izan ziren egunean, hain zuzen. Brouard eta Muguruza erakundeek aintzat hartu ez zituzten hildakoetako bi dira, frankismoan edo frankismoaren ondoren Estatuak hildako gehienak bezala -eta errepresio horren zenbait erantzule ez bezala-. Bien eta beste milaka militante abertzaleren lanaz jardun zuten atzo beren senideek, lan horrek gaurko egoerara iristea ahalbidetu baitu, erakunde ofizialek hala aitortzen ez badute ere, haien sufrimendua ere aitortzen ez badute ere. Brouarden eta Muguruzaren senideek, halaber, irakaspenik eskaini zuten: beste biktima batzuen minarekiko elkartasuna agertzeko «arazorik batere» ez dutela esan zuten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeak ez dira horrelakorik egiteko gauza. Brouardek eta Muguruzak ez dute aitorpen ofizialik; hala ere, hurrenez hurren 26 eta 20 urte igarota, beren herrikideen gogoan daude biak, eta horixe da haien borrokaren aitorpenik garrantzitsuena, ezbairik gabe.