GARA > Idatzia > Mundua

Angolak independentziaren 35. urteurrena bete du, bakean baina txirotasunean

Gaur 35 urte aldarrikatu zuen Angolak independentzia; 2002ra arte, ordea, ez zuen bakea lortu. Gerra Zibilak eta ustelkeriak eragin zuzena dute Afrikako herrialdeen arteko petrolio ekoizle nagusiarengan. Biztanleen %70 txirotasunean bizi dira.

Cécile DE COMARMOND (AFP)

Mende luzeak Portugalgo inperioaren menpe pairatu eta gero, 1975eko azaroaren 11n independentzia aldarrikatu zuen garaiko Angolaren Askapenerako Herri Mugimenduko (MPLA) Agosthino Netok, Errepublikako lehen presidentea izango zenak.

MPLAk sozialistatzat zuen bere burua, garai hartako kolonialismoaren aurkako mugimendu orok bezala. AEBek ez zuten begi onez ikusten egoera berria eta hasieratik laguntza eskaini zioten Unita (Angolaren Erabateko Independentziarako Nazio Batasuna) mugimenduari. Erakunde honek Hegoafrikaren apartheidaren laguntza militarra ere jaso zuen.

Luandako Gobernuak Kubako Armadaren elkartasun internazionalistaz gain, Sobietar Batasunaren laguntza ere izan zuen.

Gerora, Gerra Hotzaren eta apartheidaren amaierak ez zuen bakea ekarri. Unitak ez zuen 1992. urteko hauteskundeen emaitza onartu. Jonas Savimbi bere buruzagi historikoaren heriotzaren ondorioz baino ez zen su-etena ezartzea lortu, 2002an.

Gerra Zibilak milioi erdi hildako eta beste hainbat erbesteratu utzi zituen, guztiz suntsitutako ekonomia ahaztu gabe. Gerra amaitu eta izugarrizko hazkunde ekonomikoa izan zuen Angolak lehen urteetan, herrialdeko petrolio ugariari eta Txinak onartu zizkion kredituei esker. 2008ko irailean bozen %80 baino gehiago eskuratu zituen MPLA alderdiak.

Nazioartearen aitorpena lortu du Angolak urteotan, baina ez du auzi ekonomikoa konpondu. Aberastasunaren banaketarik ez dago: biztanleen %87 txabola-auzoetan bizi da eta %42k baino ez du ur zerbitzua etxean. Biztanleen %20 baliabideen %60ren jabe dira; txiroenek, %20, ondasunen %7 baino ez dute. Eta ustelkeria handiena duten munduko herrialdeen zerrendan hamargarrena da.

DOS SANTOS

Jose Eduardo Dos Santos presidenteak -31 urte boterean eman dituenak- lehentasuna «goseari eta pobreziari aurre egitea» dela onartu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo