Kronika | Hitzaldia Tolosan
Uste okerrek esne kontsumoari zuzenean mehatxu egiten diote
Ospe txarra du gaur egun esneak, Sergio Calsamiglia doktore kataluniarraren esanetan. Esneari egozten zaizkion kalte ugariak, ordea, ez direla egiazkoak defendatzen du Britainia Handian egindako ikerketa sakon bat oinarri hartuta. Aitzitik, esnea oso elikagai onuragarria dela dio eta ekoizleen lana goraipatzen du.
Amaia ZURUTUZA
Esne ekoizleak kezkatuta daude. Izan ere, gure jendartean hainbat mendetan zehar oinarrizko elikagai estimatua izan den esnea polemikak inguratuta dabil azken urteotan arrazoi ezberdinak direla medio. Hala, Euskadiko eta Gipuzkoako Frisoi Elkarteak eta Euskadiko Frisoi Federakuntzak hitzaldia antolatu zuten joan den asteartean Tolosan, argudio zientifikoetan oinarrituta esnearen ekoizpenaren inguruko errealitatea eta elikagai honek osasunean duen eragina azaltzeko. Horretarako, Sergio Calsamiglia doktore, albaitari eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak, beste hainbat aditurekin batera Britainia Handian esnearen kontsumoak osasunean duen eraginari buruz osatu duen ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen Tolosako kultur etxean. «Esnearen eta gure osasunaren inguruko mitoak eta errealitateak» izenpean mezu nagusi bat plazaratu zuen kataluniarrak: esnea oso elikagai osasungarria dela.
Onartu zuen, ordea, azkenaldian «ospe txarra» duela esneak, zenbaitek gaixotasun larrien sortzaile edo bultzatzaile gisa aurkezten dutelako eta ordezka daitekeen elikagaia dela diotelako. Mezu ezkor horiek, gainera, badutela ondoriorik esan zuen. Zentzu horretan, Britainia Handian azken 25 urtetan esnearen kontsumoa %40 jaitsi dela azaldu zuen, eta esne «osoarena» %85. Inguruko lurraldeetan joera antzekoa dela gaineratu zuen.
Aitzitik, esnearen propietate onuragarriak defendatu zituen, baita gaur egun esne produkzioan lortu den maila goreneko kalitatea ere. Alde horretatik, abeltzainen lana eta «esfortzu ikaragarria» goraipatu zituen urtez urte ekoizpen lanean erdietsi duten hobekuntzagatik.
Esnearen «historia» ere hartu zuen ardatz Calsamigliak eta esne kontsumoaren aurka askok erabiltzen duten argudioaz mintzatu zen, amaren bularretik esnea hartzeari utzi ostean esnea kontsumitzen jarraitzen dugun ugaztun bakarrak garela, alegia. Argudio horri erantzunez, irakurtzen dugun edo janzten garen ugaztun bakarrak ere bagarela esan zuen, alegia, gauza asko egiten ditugun ugaztun bakarrak garela. Hala, azaldu zuen orain dela 6.000 bat urte hasi zela gizakia esnea kontsumitzen eta laktosa digeritzeko gaitasuna garatu zuela «mutazio genetiko» bati esker. Ez zen, aldiz, mundu osoko pertsonengan gauzatu aldaketa hori, txinatarrek, esaterako, ez baitute esnerik kontsumitzen.
Gaixotasunak
Britainia Handian beste hainbat ikerlarirekin batera gauzatu duen ikerketaren emaitzek gaur egun askok esneari egozten dizkioten kalte ia denak gezurrezkoak direla frogatzen dutela baieztatu zuen Calsamigliak. Hala, besteak beste, gaitz kardiobaskularrak jasateko aukera ez duela areagotzen esan zuen; gizentzen duela ere ukatu zuen, alderantziz, gehiegizko pisuari aurre egiteko elikagai egokia dela azaldu zuen; diabetea duten pertsonei ere esneak ez diela kalterik egiten esan zuen; eta ez duela koloneko minbiziarik eragiten, aitzitik, minbizia bera saihesteko ona dela. Era berean, gorputzak esnea onartzen ez dien pertsonak ere badaudela esan zuen, baina gutxi direla.
Calsamigliaren esanetan, hainbat eremutatik esnearen aurka egiten diren adierazpenak frogarik gabekoak eta okerrak dira. Gainera, gogoratu zuen lekuko nahiz nazioarteko administrazioek elikaduraren «piramidea» osatu zutela aspaldi eta gaur egun ere antolaketa eredu honen aldekoak direla. Piramide honek esnea egunero 2-3 aldiz hartu behar dela dio. Horregatik, funtsik gabe esneari eraso egiten diotenen «terrorismoa» salatu zuen.
Azkenik, esnearen propietate onuragarrienetariko bat nabarmendu zuen, alegia, kaltzioa. Pertsonok behar dugun kaltzioaren %60 esnetik jasotzen dugu. Gaixotasun asko saihesten dituela eta kontsumitu ezean arazoak sor daitezkeela esan zuen.