GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ertzaintzak atxiloturiko Iñaki Bengoa gaur eramango dute epailearen aurrera

p012_f01_138x092.jpg

GARA |

Duela zortzi urte izandako kale borroka ekintza batekin zerikusia duelakoan, Ertzaintzak Iñaki Bengoa Indautxuko (Bilbo) bizilaguna atxilotu zuen atzo Busturian. Goizeko hamaikak aldera atzeman zuten eta arratsaldeko hirurak pasatxo arte haren etxea miatzen aritu ziren; amaieran, bertan bildutako lagunen kontra jo zuten poliziek.

Zehazki, Lakuako Barne Sailak 2002ko otsailean Bilbon autobus baten aurkako eraso batean parte hartzea egozten dio. Barne Sailaren esanetan, gainera, Bengoaren atxiloketa, gertakariak izan zirenean lekuan bertan jasotako DNA laginak berraztertzean iritsi da.

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi zuenez, gaur goizean bertan agertu beharko du Bengoak Auzitegi Nazional espainoleko Pablo Ruz epailearen bulegoan. Atxiloketa hau salatzeko eta Bengoaren aske utz dezaten eskatzeko, atzo Indautxun elkarretaratzea egin zuten «Errepresioa ez da bidea!» lelopean.

Ohar baten bidez, Barne sailburu Rodolfo Aresek adierazi zuen «erasoren bat egin dutenek lehenago edo beranduago justiziaren aurrean erantzun beharko dutela, Ertzaintza horrelako ekintzak zigortu gabe gera ez daitezen lanean ari delako». Hain zuzen ere, duela hainbat urte gertatutako ekintzengatik azken asteotan Ertzaintzak gauzatutako hirugarren atxiloketa da Bengoarena.

Eraso berean parte hartzea leporatuta, berriz, 2003an Unai eta Naiara Mallabia eta Aitor Fernandez atxilotu zituen Polizia autonomikoak. Hirurak Auzitegi Nazionalean epaituak eta zigortuak izan ziren; zazpi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten eta kartzelan daude egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo