GARA > Idatzia > Kultura

Inposatutako testua argitaratzeko exijitu dute ETBko langileek

ETBko langileen batzordeak eta Batzarrak atzo aho batez adostutako komunikatuan «erantzuteko eskubidea» exijitu eta web orrian Viloriak inposatutako testua argitaratzeko eskatu die zuzendaritzari. Idigorasek komunikabide batean langileak iraindu izana ere salatu zuten.

GARA | BILBO

«Harridura eta haserrea» azaldu zuten atzo ETBko langileen batzordeak (ELA, LAB, KLB eta CCOO) eta langile batzarrak, azken hilabeteetan zuzendaritzak izan duen jokaerarekin. Langileek aho batez adostutako komunikatu baten bitartez, EITBko zuzendaritzak «EITBko langileok gezurretan gabiltzala esateko» taldeko komunikabide publikoak erabili izana salatu zuten. Bestalde, Miguel Angel Idigorasek, ETBko zuzendariak, «komunikabide pribatu batean ETBko langileak iraindu eta arlo profesionaleko gatazka bat esparru politikora eraman izana» gaitzetsi zuten.

Langileen batzordeak eta batzarrak argi utzi nahi izan zuten Estatutuaren egunean izandako gertakarien harira, «langileok frogatu ditzakegun baieztapenak baino ez ditugula egin. Hau da, politikako arloburuak, Juan Carlos Viloriak, berak idatzitako testua inposatu nahi izan ziola erredaktore bati, honek ez zuela onartu, eta azkenean, bideo hori ez zela emititu eguerdiko albistegian».

Bideoa webgunean

Aste honetan, zuzendaritzak egun hartan gaueko albistegietan emititu zen bideoa EITBren webgunean eskegi du gertatutakoa «herritarrek epaitu dezaten». Baina langileek azaldu zutenez, bideo hori ez da Viloriaren jatorrizko bertsioa, «erredakzioan moldatu eta telebistarako egokitutakoa baizik». Horrexegatik, erantzuteko eskubidea exijitu zioten zuzendaritzari.

«Web orrian agertzen den bideo horren alboan goizeko erredaktoreari politikako arloburuak inposatu nahi izan zion testua argitaratzeko eskatzen diogu. Izan ere, arazoa ez da emititu zen bideoa, baizik eta inposatutako testua», azaldu zuten.

Komunikatua publiko egiteaz gain -langileei, Suriori, komunikabideei, legebiltzarkide taldeei eta EITBko Administrazio Kontseiluko kideei bidali diete-, ETBko langileek bi bilera eskatzea adostu zuten atzoko bileran. Bata, Alberto Surio, EITBko zuzendari nagusiarekin. Bestea, berriz, EITBko Administrazio Kontseiluko txandakako presidentearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo