Jean Etxeparek euskal literaturari egindako ekarpena goraipatua
Ainize BUTRON | BAIONA
1910ean argitaratu zuen Jean Etxepare (1877-1935) medikuak «Buruxkak» liburua. «Euskal literatura berria hasi zuen» idazlearen lehenengo liburuaren argitalpenaren mendeurrena ospatzeko, Maiatz literatur elkarteak Kepa Altonaga, Jon Casenave eta Itxaro Borda idazleak elkartu ditu gaualdi berezi batean. Bere garaian zentsura bizi izan zuen Aldudeko medikuaren obra goraipatu zuten hiru hizlariek.
«Ekumenista, unibertsala» izendapenak baliatu zituen Altonagak Etxepareren izaera azaltzeko. «Bera bezalako idazle gutxi izan da Euskal Herrian, eta jarraitzen du izaten».
Etxeparek bere garaiko Euskal Herriko intelektualekin harremana izan zuela azaldu zuen Casenavek, eta erlijioa «garrantzi handikoa» zen garai horietan, berak bestelako gaiak landu zituela bere idazkietan. «Buruxkak» liburuan, izan ere, Etxeparek Hiriart-Urrutiren kudeantza pean zeuden «Eskualduna» eta «Eskualdun ona» aldizkarietan azalduriko 26 idazki biltzen ditu. «`Eskualduna' zen toki bakarra idazten eta irakurtzen ikasteko. Hau da, Elizatik kanpo idazteko leku bakarrenetarikoa», zehaztu zuen Casenavek.
Liburuan agertzen diren idazkiak hiru multzotan banatu zituen Casenavek: haur eta gazte garaiko oroitzapenak, Euskal Herriari buruz duen ikuspegia, eta, gizarteari loturiko gaiak.
«Bere testuetan Etxeparek orduan Euskal Herria zen bezalakoa erakusten du. Erakusten du pobreak bazirela», gehitu zuen. Garaiko prentsa idatziko kronikari modura lantzen zituen bere testuak: «Garai horretan kazetaritzak garrantzia zeukan euskal literaturan, bai hizkuntzaren aldetik, bai gaien aldetik. Etxeparek, hasieran kazetaritza baliatu zuen ideiak plazaratzeko. Gai kitzikatzaileak eta minberak ateratzen zituen», azpimarratu zuen. Baina, estilotik at, Casenavek, Altonagak eta Itxaro Bordak Etxeparek literatura aldetik egindako ekarpena goraipatu zuten.
«`Buruxkak' ez da bakarrik artikulu bilduma bat, literatur egitasmo bat ere badago», argitu zuten. Idazleen arabera, liburuko idazkietan ardatz nagusi bat dago: idazlea. «Hasieratik `ni' bat baliatzen du edo lekuko bezala pausatzen da. Etxepare da istorioa kontatzen edo ikusten duena. Badago idazkera bat, estilo bat».
Garai horietan, «Eskualduna» aldizkaria «mintegi» bat bezala agertzen zen. Hiriart-Urrutik hizkuntz eta ortografia eredua asko aurreratuak bazituen ere, Etxeparek «eredu hori hobetu» zuen: «Idazleek hiztegi bat eraiki dute. Eta, oinarri horietarik abiatuz, Etxeparek maila literariora igoko du».