GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Herritar zintzoak

Inolako hauteskundetan parte hartu gabe, Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuaren %56 kudeatzen du Hamaikabatek. Halaxe irakurri dut haien web orrian. Ez pentsa lotsaz esaten dutenik, bai zera! Alderdi bitxia, inondik ere. Sortu orduko, Donostiako ibilgailuak propagandaz bete zituzten. Hemen Coca-Cola, han BBVA, beste puntan Hamaikabat. Jendeak telefono konpainia berri horietako bat zela usten zuen. Baina ez, abertzaletasunari bere izaera «tradizionala» itzultzeko sortutako alderdia zen. Elizara sartzean, eskua ur bedeinkatuan busti, badakizue. Argizari jale modernizatuak. Hori guztia, noski, Espainiari begira. Alderdiaren aita ponteko jar zezaketen, adibidez, Julian Muñozen bibotearekin mozorrotutako Sabino Arana moduko bat. Txapelaren ordez, gomina. Kaikuaren ordez, Zarako trajea. Baina, funtsean, Jainkoarekiko eta diruarekiko maitasuna, biak nahasita. Bisita ezazue Oiartzun Bai plataformaren web orria. Denen erdian lehoi domatzailez jantzita ageri dena Martin Beramendi da, Hamaikabateko buruetako bat. Oiartzungo alkate izan zen, Martxelo Otamendi torturatu zutenek Ezker Abertzalea legez kanpo utzi zutenean. Alkate zela, Udalaren Visa txartelari zukua ateratzeko eredu berria asmatu zuen. Jatetxerik garestienak bisitatu zituen, bai sarri gainera. Uraren ordez, Veuve Cliquot xanpaina edaten zuen madarikatuak. Aberats berrien tankeran jaten zuen, garesti ordaintzeko erreparorik gabe... Ongi irudika dezaket: «Xanpain hau garestia da, Beramendi jauna», eta akolito zintzoaren algarak, eskuekin izterrak kolpatuz: «Garestia? Atera itzazu botila bi!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo