«Euskaraz ez dakienak ikasi egin behar du, oztopo baita euskaldunentzat»
Hizkuntz eskubideen aldeko lanean buru-belarri urte asko daramatza Paul Bilbaok (Getxo, 1971). Euskal Filologian lizentziaduna da eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian ibili da bederatzi urtez. Aurtengo apiriletik Kontseiluko idazkari nagusia da, Xabier Mendigureni lekukoa hartuta.
Janire ARRONDO
Baikortasunez hitz egiten du Bilbaok euskararen geroaz ari denean, eta normalizazio prozesuan aritzea «zoragarria» dela dio. Euskara behar den eta merezi duen lekuan ezagutuko ote duen zalantzak ditu, baina ziur da egunen batean Euskal Herria euskaldun eleanitzez osatutako herria izango dela.
Apirilaz geroztik zara Kontseiluko idazkari nagusia; nolako hasiera izan duzu?
Hasiera denetan bezala, lehengo lana tenperatura hartzea izan zen. Lehendik ezagutzen nuen Kontseilua, Behatokian nenbilelako, baina neurria hartu behar nion. Kontseilua erakundeen erakundea da, hala euskalgintzan aritzen diren partaide guzti horiekin egon eta iritzi zein balorazioak jaso nituen.
Behatokian 9 urtez aritu ondoren, Kontseiluan zertan aldatu da zure egitekoa?
Behatokiaren egitekoa hizkuntza eskubideen egoera monitorizatzea da, tresnak eskaintzea. Lan zehatzagoa da, baina estrategia Kontseiluaren estrategia bera da. Behatokia, azken finean, Kontseiluaren tresna bat da, lotura dago bien artean. Etxe txikitik handira pasatzea izan da.
Kontseiluko kargua hartzean, «urrats bat haratago» joateko deia egin zenuen; datorren asteko jardunaldiek ere antzeko goiburua dute...
Atzera begiratzen badugu, azken 30 urteotan gauza asko egin dira normalizazioaren bidean: proiektuak, jardunak eta ekimenak. Hala ere, ohartu ginen ez zela nahikoa. Normalizazio prozesua konpartitua da, ez dagokio soilik euskalgintzari, norbanakoei, gizarte eragileei, sindikalei, politikoei eta instituzioei ere badagokie. Guztiok batera egin behar dugu pauso bat haratago.
Zeintzuk dira aurrera egiteko gakoak?
Euskalgintza saiatu da normalizaziorako tresnak jartzen; euskara hutsezko egunkaria, helduen euskalduntzeko sarea edo ikastolak. Baina, badira beste zutabe batzuk. Hasteko, korpus juridiko egokia behar dugu, alegia, euskara ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izatea. Bestalde, normalizazio plangintzak daude eta Euskal Herriko administrazioetakoak ez dira egokiak, eta ondorioak pairatu ditugu.
Hirugarren zutabea baliabide ekonomikoena da. Beste alorretan inbertitzen dena eta euskarara zuzentzen dena ikusita ohartzen gara huskeria dela. Gure ustez, euskalgintzak jakin izan du erronkari aurre egiten, baina instituzioen aldetik gabezia handiak daude.
«Bai euskarari» esatetik «Euskaraz bai»-ra pasa zineten. Babestetik hitz egitera. Zertan da dinamika hori?
Hori da orain hausnargai duguna. Kontseiluak orain arte atxikimendua eskatu du; horrela bete ziren bost estadio. Baina, atxikitzeak ez du inolako konpromisorik eskatzen. Beraz, urrats bat gehiago behar dugu: konpromisoa. Euskaraz ez dakienak ikasi egin behar du, oztopo delako euskaldunak bizi ahal izateko eta dakienak hitz egin beharko du. Atzean pentsamendu aldaketa dago, jarrera aldaketa.
Nola jaso dute herritarrek ekimena?
Agian autokritika egin beharrean gaude, ez dugulako jakin guzti hori transmititzen. Hor kokatzen ditugu jardunaldiak; zer dagoen zabaltzea da asmoa. Marketin instituzionalak zabaldu du `dena ondo doala'. Guk ez dugu apokaliptikoak izan nahi, baina lortu duguna baino gehiago egin genezakeen.
Administrazioen aldetik, berriz, nolako erantzuna jaso duzue?
Denetik egoten da. Hala ere, uste dut Kontseiluari kasu gehiago egin beharko litzaiokeela. Kontseiluak ez du kritikarik egiten ekarpenik gabe, baina ez dira beti kontuan hartzen. Kontseiluak euskalgintza biltzen du eta erreferente beharko luke euskararen inguruan. Guk bidea zehaztua dugu.
Euskara politikarekin nahasten al da?
Hizkuntza politika da, etxebizitza politika edo genero politika bezala. Egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten alde neurriak hartzea noski politika dela. Beste kontu bat da alderdikerietan erortzea. Euskaraz bizi nahi izatea oinarrizko eskubidea da, berdin dio nork esaten duen. Hori garatzeko hizkuntza politika behar da, neurriak behar dira.
Kontseiluak definitu ditu neurri horiek, ezta?
Hamar neurri zehatz finkatuta ditugu; hizkuntzen estatusaz, belaunaldi berriekin gertatuko denaz, eremu sozioekonomikoan zer nolako inbertsioak egin behar diren edo euskalgintzarekin nolako lankidetza behar den.
12 urte bete ditu Kontseiluak. Zenbat gehiago beharko ditu?
Oraindik beharko ditu! Normalizazio prozesua luzea da, berez. Euskaldunon eskubideak bermatuak diren egun batera iritsi beharko gara lehenbizi, eta gero Euskal Herria euskaraz biziko denera. Gauzak perspektiba horrekin hartu behar dira, ez dugu depresioan erori behar.
«Lan munduan sindikatuak diren moduan, euskara alorrean Kontseiluak erreferente behar luke; kasu gehiago egin beharko litzaioke»