GARA > Idatzia > Mundua

Bahituen askapena Bin Ladenekin negoziatu behar duela esan dio AQMIk Parisi

Magreb Islamikoko Al-Kaedako (AQMI) buruak mezu argia igorri zion atzo Eliseoari: Malin bahitutako bost frantziarren askatasuna Bin Ladenekin berarekin negoziatu behar duela. Zein politika egin behar duen «kanpotik» ezin diotela esan erantzun zuen berehala Parisek.

GARA

«Gure gatibu diren herritarrak bizirik eta onik nahi baldin badituzue, Afganistanen dauden tropa frantsesak, publiko egingo litzatekeen egutegi zehatz bati jarraiki, lehenbailehen atera behar dituzue», ohartarazi zion atzo AQMIko buru Abdelmalek Drukdelek Parisko Gobernuari, Al Jazeerak kaleratutako irudiek agertzen zutenez.

Segidan gaineratu zuenez, «aurrerantzean gai honi buruzko edozein negoziazio gure xeke Osama Bin Ladenen bitartez eta hark zehaztutako baldintzen arabera baino ez da egingo».

Irailetik bahituta daude bost frantses herritar, madagaskartar eta togoar banarekin batera. Musulmanek igorritako mezuak, gainera, bat egiten du Lisboan egiten ari den NATOren gailurrarekin, bertan, Afganistango tropen etxeratze mailakatua aztertuko baitute.

Halere, Parisko Gobernuak beste zenbaitetan ere ez diotela negoziatzeko aukerarik eman salatu zuen eta birritan pentsatu gabe erantzun zion AQMIren ohartarazpenari.

«Frantzia ahalegin guztiak egiten ari da gatibu guztiak, dauden lekuan daudela, onik eta bizirik askatu ditzaten», adierazi zuen Eliseoko Kanpo Arazoetako ministro Michelle Alliot Mariek, mezuaren egiazkotasuna oraindik frogatu gabe zegoela.

«Frantziak ezin du onartu bere politika kanpotik gidatua izatea», gaineratu zuen ministro donibandarrak bi lerro eskasez osatutako ohar batean.

Bizirik

Maliko eta Pariseko iturriek adierazitakoaren arabera, bahitutakoak Maliko ipar-ekialdean daude, Aljeriako mugatik hurbil.

Asteazkenean, Sarkozy «oso kezkatuta» agertu zen haien egoeragatik, baina Gobernuaren jarreran «koma bakar bat ere» ez duela aldatuko abisatu zuen.

KONTRAESANA

Madrilek bi kataluniarren askapenaren truke diru ordaina eman zuenean, Paris kexatu egin zen, Michel Germaneauren -AQMIk hildakoa- askapena negoziatzeko aukerarik eman ez ziotela argudiatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo