Xabier Izaga Irakaslea
Iraganeko susmoak eta oraingo egiak
Wikileaks atari digitalaren sortzaile Julian Assange atxilotzeko agindua iraganeko mamuak xaxatzea al da? Egozten dioten delitua iraganeko kontua da-eta. Ez dakit Assangek Suediako Justiziak leporatzen dion bortxaketa egin duen, eta hura errudun agerrarazteko asmorik ez dudan bezala, errugabetzekorik ere ez dut; ez asmorik ez interesik ez daturik. Nolanahi ere, ez dakit zergatik -alegia, badakit zergatik- baina mendeku hutsa begitantzen zait Assangeren auzipetze hori. Bestela esanda, lepoa egingo nuke Assangek bere web orrian Irakeko eta Afganistango gerren gaineko dokumentu sekretuak argitaratu izan ez balitu, ez legokeela haren kontrako auzirik, ezta salaketarik ere. Ondo geratzeko, esan nahi nuen ez dudala kasualitateetan sinesten, kausalitateetan baizik; baina kasualitateetan ere sinesten dut... Baina ez orain Assangeren auzipetzea bezalakoetan. Oraindik orain arte ez dut Assangeren berri jakin, eta haren kazetaritza lan bikainak egin dit ezagun. AEBetako, Britainia Handiko eta beste hainbat estatutako aparatuen berri aspaldi handian jakin dut, eta ez haien lan bikainengatik, hain zuzen.
Iraganeko mamuak xaxatu omen zituen atzo Joseba Egibarrek, GAL iraganeko kontua baita. Felipe Gonzalezek elkarrizketa batean hartaz hitz egin zuenean ere iragana ziren kontu horiek, ordea. Beharbada, Lopezek esan zuen moduan, «zigortutako iragana» delako ekarri zuen orainera Gonzalezek. Ez diot nik Lopezi arrazoirik kenduko, baina bai sintagma osatuko: (eskas) zigortu baina zigorra bete gabeko iragana. Gonzalezi irakurri arte ez nekien nor zegoen GALen erpineko X-ren atzean, horren susmo sendoa banuen ere, eta ez ikertzaile zorrotza naizelako, hain zuzen. Orain badakit, X-k berak esanda.
Egibarrek egia argitzeko ekimenak eskatu zizkion atzo Lopezi. Bat nator eskaera horrekin. Baina horretan Lopezek ez ezik, egia azalarazteko datuak dituzten guztiek lagundu lezakete. Baita GALen garaian Gasteizko Gobernua PSErekin partekatu zuen alderdiak ere. Ez ote dira gero bortxaketaren bat egotziko dieten beldur...