GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Caja Laboral Baskoniak eta Bartzelonak Ligako finalaren errebantxa jokatu behar dute

Txapeldunak, makuluak dantzatuz

ACB Ligako buru jarriko da partida irabazten duena. Bide batez, Euroligako azken asteetako ibilera okerra ahazteko balioko die biei.

p036_f01.jpg

 

BASKONIA-BARTZELONA

Arnaitz GORRITI

Caja Laboral Baskoniak irabazi zuen azkenengo ACB Liga eta Bartzelonak, berriz, Euroliga. Txapeldun handiak dira, bada, gasteiztarrak eta kataluniarrak, eta txapeldun handien arteko dema jokatu behar dute gaur arratsaldean Zurbaon.

Baina makuluak dantzatu beharko dituzte txapeldunok egunotan. Errenka, maila eman ezinda, garaipenak bermatu ezinik... ez daude egoerarik txukunenean ez Dusko Ivanovicen mutilak, ezta Xavi Pascualenak ere. Euroligan batik bat, biek ere azkenengo jardunaldietan porrota porrotaren gainean pilatu baitute: bi Bartzelonak eta hiru Baskoniak. Europako bekatuak etxean garbituko ditu talderen batek. Besteak, ostera, penitentzia egiten jarraitu beharko du.

Talde bien zorionerako, Europako ajeak ez zaizkie ACB Ligan errepikatzen, biak ere, Real Madrilekin batera, liga sailkapeneko buruzagitzan baitaude -Bartzelona da aurrena, basket averagea dela-eta, euskaldunen aurretik-, sei partida irabazi eta bakarra galduta. Bada, joko bolada txukunenean egon ez arren, sailkapeneko aurreneko postua jokoan izango dute biek ala biek.

Bestalde, ez da ahaztu behar talde hauek biek ACB Ligako azken hiru finalak jokatu dituztela eta, hortaz, garbitzeko kontu dezente izango dituztela. Urrunagora joan gabe, San Emeteriok lorturiko saskiratze magikoa Zurbaora hurbiltzen diren guztien oroimenean izango da, baita talde bietako protagonisten artean ere, nahiz eta ametsak amets egiteko bakarrik erabili ohi dituzten nola jokalariek hala teknikariek.

«Bartzelonaren aurka jokatzea beti da berezia eta zaila», onartu zuen atzo Pau Ribasek. «Azken asteotako porrotak bazter baten lagatzeko balio diezaguke garaipenak eta, bide batez, gure zaleei pozteko arrazoi bat emateko ere bai. Etxean ibilbide ona daramagu ligan, eta horrela jarraitzen saiatu behar dugu».

Bartzelonak Basileren baja dauka eta Navarro ere, lunbalgia baten erruz, azken ordura arte zalantza izan ostean, ez da Zurbaon izango. Bestalde, Joe Ingles australiarrak minutu dezente izan litzake, Pete Mickeal bera ere ez baitago sasoirik onenean. Dena den, arazoak arazo eta aldaketak aldaketa, Ribas ez zen fio. «Talde indartsua da beti Bartzelona. Arazotan dabil, bai, gu bezala, baina horrexegatik partida oso parekatua eta polita izango dela uste dut; izan ere, bai ligan, bai eta Europan ere biok antzera gabiltza. Hasi eta bukatu, dena emanda jokatu beharko dugu irabazi nahi badugu».

Haislip kantxan izango da

Gaur arratsaldeko partida Martin Rancik-ek Baskoniaren elastikoaz jokatuko duen azkena izango da ziur asko. Marcus Haislip-ek orkatila bihurritu zuen joan den astean eta, hori dela eta, ezin izan zuen Belgradeko Partizanen aurka jokatu.

Azken unera arte zalantza izan ostean, badirudi Ivanovicek estatubatuarrari aukera emango diola. Azken finean, Barac oso bakarrik egon izan baita Haislip gabe. Horren harira, Bartzelonari irabaztearren, barneko jokoari garrantzi eskerga eman zion Mirza Teletovicek. «Stankok -Barac-ek- faltekin arazoak ditu eta, une oro kanpoko jaurtiketen bitartez bakarrik ez dugu Bartzelonari irabazteko aukerarik izango», aitortu zuen.

baskonia-bartzelona
Haislip eta rancik

Martin Rancik-ek gaurkoa izango du, itxuraz, Baskoniaren elastikoa jantzita jokatuko duen azken partida. Haislip jokatzeko moduan egongo dela dirudi eta, ondorioz, eslovakiarrak ez du Gasteizen segituko.

gaztetxoak, bec-EN

Bizkaiko Saskibaloi Federazioak 8-11 urteko haurrentzako 39. Gabonetako Torneoa antolatu du. Abenduaren 23tik urtarrilaren 9ra jokatuko da Barakaldoko BECen. Izena emateko epea abenduaren 16ra arte izango da zabalik.

Obenasak miraria bilatuko du Rivasen kantxan

Emakumeen Liga bederatzigarren jardunaldira iritsi da. Hondarribia-Irunek eta Obenasak gaur arratsaldean jokatuko dituzte beren neurketak, 19.00etatik aurrera. Gipuzkoarrek Ibizari irabazteko aukerarik izango dute Hondartza pabilioian; Obenasak, ostera, ia miraria beharko du Madrilen Rivas Ecopolis indartsuaren aurka. Azken postuan beste astebete eman beharko du ziur asko Cesar Ruperezen taldeak.

Izan ere, Ros Casares eta Perfumerias Avenidaren ondotik, Emakumeen Liga ko sailkapenean hirugarren lekuan dago talde madrildarra. Courtney Paris, Dewanna Bonner, Amaya Valdemoro, Elisa Aguilar, Anna Cruz, Laura Herrera, Tamara Abalde eta Hondarribia-Irunen aritutako Laura Nicholls bezalako jokalari puskak ditu Obenasaren aurkariak, eta nahiz eta erregulartasuna falta zaien, Cesar Ruperezen neskek akatsik egin gabe jokatu beharko dute aukerarik izaterik nahi badute.

Maila berria oso zaila ari da izaten nafarrentzat. Handienen aurka sekulako jipoiak jaso ditu, eta «bere ligako» taldeen kontra ere eskarmentu falta komeni baino gehiago nabaritu dute. Horrez gain, liga hasieran asko nabaritu dute Helena Boadaren eta batez ere Milena Vukicevicen falta, biak ala biak hainbat astetan min hartuta egon baitira.

Baina ligak ez dio ematen talde iruindarrari negar egiteko astirik eta, gainera, taldea ia osorik dauka orain Cesar Ruperezek. Jokalari garrantzitsuenak jokatzeko prest daude -Itziar Arregui da min hartuta jokatu ezinik dagoen bakarra- eta egiari zor, ez dute galtzekorik. Ilusioa da egun nafarren baliabiderik onena, bolada ona iritsi artean.

Hondarribia-Irunek, aldiz, ilusioa eta Hondartza kiroldegian jokatzen duela aprobetxatu behar du hirugarren garaipena erdiesteko. Ibiza ez da talde txarra -Thorburn, Rasmussen, Silvia Navarro eta Paula Segui dira bere jokalaririk garrantzitsuenak- eta sailkapeneko zazpigarren postuan ongi merezita daude. Alabaina, Pepelu Mujikarenek baino garaipen bat gehiago baino ez dute eta, bada, Emakumeen Ligako erdiko multzoa harrapatzeko parada ezin hobea dute gipuzkoarrek gaur arratsaldean.

Horrez gain, astean Euskal Kopa nagusitasunez irabazi izanak konfiantza eman behar dio derrigorrez Hondarribia-Iruni. Garaipen horren bitartez, garbi utzi zuten Mujikaren neskek maila altuko taldea direla; bada, ligako partida ofizialetan maila altu hori erakusteko ordua iritsi zaie. A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo