Aizkora Euskal Herriko Bigarren Mailako finala
Lasak hasieratik bukaerara erakutsi du bere agintea
Legorretakoarekin batera, Ohian Larretxea ere Lehen Mailara igoko da.
Jon LEUNDA
Jexuxmari Lasak irabazi zuen atzo Donezteben Euskal Herriko Bigarren Mailako aizkolarien txapela eta datorren urtean Lehen Mailan arituko da. Berarekin batera, Ohian Larretxeak eman du maila nagusirako jauzia, atzo bigarren amaitu baitzuen Berako gazteak.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Egurrak ez ziren txarrak atera, baina eman beharrekoak. Jendeak ere ez zuen hutsik egin, harmailak erabat bete baitziren, 600 ikusle ingururekin.
Legorretako aizkolariak lehen enborretik hartu zuen abantaila eta amaierara bitarte lehen postu horretan jardun zuen. Hastapenetik hasi zen aldeak ateratzen, eta lan erdietarako ia minutu eta erdiko abantaila kentzen zion bigarrenari, Mugertza II.ari. Hortik aurrera erritmoari eustea nahikoa izan zuen txapela lortu eta mailarik gorenera heltzeko.
Bigarren posturako lehia polita izan zuten Ohian Larretxeak eta Ugaitz Mugertzak. Batzuetan mutrikuarra aurretik, besteetan Berakoa, horrela ibili ziren bosgarren enborrera arte, baina horren amaieran tarte dezentea kendu zion nafarrak gipuzkoarri. Bigarren postua eskuratu zuen azkenean, eta horrekin batera baita Lehen Mailara igotzeko txartela ere. Bera izango da, gainera, 20 urterekin, Lehen Mailako aizkolaririk gazteena.
Ugaitz Mugertzak ere oso lan ona egin zuen, baina hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen eta datorren urtean egin beharko du mailaz igotzeko beste ahalegina. Ander Erasun ia une oro izan zen laugarren postuan. Aurrekoek ihes egin zioten eta atzekoak nahikoa atzera utzi zituen, eta hortxe amaitu zuen, laugarren postuan.
Azken postuan ez geratzeko ere borroka polita izan zuten Manolo Kañamaresek eta Xabier Mindegiak, baina azken honek aurrea hartu zuen eta amaieran bosgarren postua beretzat izan zen. Kanporaketako aizkolaririk onena izan zen eta atzo ere faboritoen artean zegoen, baina ezin izan zuen lehen postuetan sartu. Honek ere datorren urtean egin beharko du ahalegina, Kañamaresek egin beharko duen bezalaxe.
Beraz, nahiz eta Lehen Mailako finala bihar jokatuko den, datorren urterako Lehen eta Bigarren mailak finkatuta daude, biharko emaitzak ez baitu hori aldatuko. Lehen Maila, honela geratuko da: Nazabal, Azurmendi, Olasagasti, Lopez, Otaegi, Mujika, Atutxa, Txapartegi, Senosiain I.a, Senosiain II.a, Lasa eta Ohian Larretxea.
Bigarren Maila, berriz, honela geratuko da: Rekondo, Barberena, Mugertza II.a, Erasun, Xabier Mindegia, Kañamares, Mugertza I.a, Olano, Ugarteburu, Mugertza III.a, Otaño eta Zaldua. Dena dela, litekeena da maila hau hamaika aizkolarirekin geratzea, Barberenak aizkora utzi baitu. Hirugarren Mailan, berriz, beste guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Otaegi, nagusi
Jagoba Otaegik irabazi zuen gazteen Euskal Herriko Harri-jasotze Txapelketa. Aizarnakoak zilindro zaharrarekin erabaki zuen auzia, bigarren sailkatu zen Goenatxori lau altxaldiren aldea kendu baitzion, nahiz eta azkoitiarra kubikoarekin nagusi izan zen. 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili zituzten, bakoitzarekin hiruna minutuko txandak eginez. Otaegik 28 aldiz jaso zuen zilindro zaharra eta, 13 aldiz, kubikoa. Guztira 41 jasoaldi eman zituen. Goenatxo III.ak, 24 jasoaldi eman zizkion zilindro zaharrari, eta 15 kubikoari, guztira, 39 jasoaldi. Oiarbidek, 23 aldiz berdindu zuen zilindroa eta 13 aldiz kubikoa, denera, 36.