GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Lehen Maila

Nazabal gainditzea da gainerakoen erronka

p040_f02.jpg

J.L.

Floren Nazabal da bihar 12.30etik aurrera Asteasuko pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako finala irabazteko faborito nagusia. Bera da azkeneko hiru urte hauetako txapelduna, eta dirua nabarmen aterako da bere alde.

Etxarrikoarekin batera, Azurmendi, Olasagasti, Lopez, Otaegi eta Mujika lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko ditu. Enborrak Joxemiel Peñagarikanok plazaratuko ditu. Saioa zuzenean ikusi nahi duenak 20 eurotan izango ditu sarrerak.

Floren Nazabal da, dudarik gabe, faborito nagusia. Azkeneko hiru txapelak lortzeaz gain, beste bi ere baditu jantziak. 2002an jantzi zuen lehena, eta bi urte geroago bigarrena. Beraz, aurten irabazten badu, bere seigarrena izango luke. Azkenaldian dena irabazten ari da, nahiz eta Donostiako Urrezko Kopan bigarren izan zen. Orduan, ordea, gerriko arazoak zituela jardun zuen.

Iñaki Azurmendi sasoi bikainean heldu da finalera. Kanporaketan oso maila ona eman zuen, eta aurten Gipuzkoako txapela irabazi zuen. Berak aurkezpenean esan zuenez, bigarren postua omen dauka begiz jota, baina Nazabalek hutsik egingo badu, han agertu nahiko luke.

Joxemari Olasagastik iaz ezin izan zuen finalik jokatu, baina aurten berriro ere hor da, eta azkenaldian itxura bikaina ematen ari da, gainera. Kanporaketan oso lan ona egin zuen eta igeldoarrak du finalisten artean eskarmenturik handiena. Zerbait gertatu ezean, mutur-muturrean ibiliko da.

Aurreko lehian sartuko den bestea Juanjo Lopez da. Lezaungoak aurten Urrezko Kopa irabazi zuen, eta indar horrekin joango da. Jakin badaki, ordea, bigarren aldiz Nazabal menderatzea ez duela erraza izango, baina horretan saiatuko da.

Joseba Otaegi da finalistarik gazteena. Bigarren urtez jarraian jokatuko du finala, eta zaleek itxaropen handia dute berarengan. Berak presiorik gabe, helburua beteta doala dio, baina kontuan hartu beharko da.

Helburuak beteta doan bestea Jexuxmari Mujika da. Ibarrakoak ere bere bigarren finala jokatuko du eta iazko laugarren postua errepikatu nahi luke. Horretan saiatuko da. Hala ere, lasai joan nahi du finalera, hasierako erronka betea baitu.

Lokotxak eta sokatira

Lokotx-biltzeko Euskal Herriko finala ere jokatuko da, eta hori gaur izango da Ozaetan, 16.30etik aurrera. Mutiletan, Ibañez, Fernandez de Larrinoa, Alvarez de Eulate, Amade, Garmendia, Larrañaga, Etxegarai eta Goldarazena arituko dira, eta nesketan, berriz, Hernandez, Ferran, Gorostidi eta Ariztegi.

Leku berean jokatuko da Euskal Herriko Launako Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia ere, baina hau 17.30ean hasiko da. 320 kiloko bigarren jardunaldia izango da, eta taldeak bi multzotan banatuta arituko dira, lehen saioan bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo