GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Apaiz pederasten gaineko gogoeta Vatikanoan, Elizaren urtetako isiltasunaren ondoren

Vatikanoan Aita Santua eta mundu osoko 150 kardinal bildu ziren atzo apaiz pederasten kasuen gainean gogoeta egiteko. Bitxia gertatzen da orain artean horrelako gogoetarik egin ez izana, edo egin badute, zer emaitza eskasa izan duen. Atzo Vatikanoan egin zuten bilera Eliza katolikoak apaizen pederastia kasuetan duen erantzukizunaren erakusgarri da. Urte luzeetan ezkutatu izan duen gaitzak gainez egin dio eta ez daki, ez du asmatzen, utzi dion zikinkeria garbitzen. Alemaniako Eliza katolikoak ehunka pedofilia biktimari kalte-ordainak emango dizkie. Elizaren jarrera ez da inondik inora izan moralaren zaindariari -halakotzat jotzen baitu bere burua- eskatzekoa zena, eta haren zintzotasun falta eskandalagarria izan da. Egia ezkutatuz konpondu nahi izan du konpontzerik ez zuena, pederastia kasuen berri ematea eta salatzea debekatuz pederastia babestu izan baitu. Eta kontrolatu ezinezko arazoa bihurtu zaionean, pederastia homosexualitatearekin lotuz eta gisako argudio absurduekin kitatu nahi izan du bere erantzukizuna; edo biktimen isiltasuna erosiz. Diruak, ordea, ez du dena erosten, eta hala uste dute katoliko askok, Elizaren beraren diskurtsotik ikasita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo