GARA > Idatzia > Ekonomia

Zerbitzu publikoak gara daitezen, gastu publikoa handitzeko eskatu du LABek

p025_f01_199x108.jpg

GARA

Administrazio desberdinetan lan egiten duten LABeko dozenaka ordezkarik manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen eta, elkarretaratzea, Parlamentuaren aurrean, 2011ko aurrekontuek langileen aldarrikapenak eta proposamenak jaso ditzaten eskatzeko. Besteren artean, sindikatu abertzaleko ordezkariek administrazioek gastu publikoa handitu dezaten eskatu zuten, modu horretan zerbitzu publikoak garatzeko.

Izan ere, Arantxi Sarasola Zerbitzu Publikoetako Federazioko LABeko idazkariak nabarmendu zuenez, 0-3 urteko hezkuntza zikloaren eskaintza ez da inolaz ere gai eskari osoari erantzuteko; adinekoen zaintzarako zerbitzuak «hamaika aldiz» biderkatu behar dira; eta Osakidetzako itxaron zerrendak «amaigabeak dira». Horri guztiari aurre egiteko, gastu publikoa handitzea ezinbestekoa dela adierazi zuen, baina salatu zuen administrazioak «guztiz kontrakoa» egiten ari direla.

Ildo horretan, hainbat zerbitzu kentzen ari direla kritikatu zuen, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta helduen euskalduntze zerbitzua, besteak beste, ordezkapenak ez direla betetzen, eta, gainera, aurkeztu duten gastu egitasmoak ikusita, gauza bera egiten jarraituko dutela, defizit publikoa gutxitu behar dela aitzakiatzat hartuz.

Argudio hori, hala ere, faltsutzat jo zuen LABeko ordezkariak, bere aburuz, Euskal Herrian ez baitago defizitari edo zor publikoari lotutako benetako arazorik. Gainera, Sarasolak esan zuenez, «borondate politikoa balego, kapitalaren errenten iruzur fiskala ekidin liteke», eta errenta horiei zerga presio handiagoa ezarri ahal izango litzaieke, gutxienez lan-errentek pairatzen dutenarekin berdinduz.

«Ez dago arrazoirik gastu publikoa murrizteko, eta egiten badute, hala nahi dutelako da» ondorioztatu zuen Sarasolak, administrazioa kudeatzen dutenen «erabaki politiko» horrek langile klasea kaltetzen duela gaineratuta. Izan ere, zerbitzu publikoak «suntsitzen» ari direla eta eskubide sozialak desagerrarazteko bidean daudela salatu zuen, eta arlo horretako lan baldintzak ere erabat okertzen ari direla gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo