GARA > Idatzia > Kultura

Gizartean «galtzaile» direnak protagonista egin ditu Montoiak

Idazteko duen estilo pertsonalari eutsiz eta orain arteko lanetako bilduma tematikoaren eredua alde batera utzita, elkarren artean erlazio argirik ez duten hamar ipuin batu ditu Xabier Montoiak bere azken argitalpenean: «Fucking artists, eta beste zenbait kontakizun».

p045_f01_148x100.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

«Fucking artists» (Elkar) hamar ipuin biltzen dituen narrazio liburua da. Alabaina, Xabier Montoiak egin izan duenaren aurka, horien artean ez dago erlazio argirik, alegia, ez da bilduma tematiko bat. Gizarte-esparru ezberdinetan kokatuak, gai ez- berdinak eta pertsonaia anitz aurkezten ditu oraingoan.

Montoia idazle oparoa ez ezik -poesian eta kontagintzan hainbat liburu argitaratuta ditu; horien artean, «Euskal Hiria Sutan» edota «Golgota»-, musikaria ere izan da, Hertzainak eta M-ak taldeetako kantari ere izan baitzen. Orain, eszenatoki horietatik urrun, eta ohiko bihurtu den bezala, ez zen atzo eginda-ko aurkezpenean izan. Bere ordez Xabier Mendiguren editoreak eta Leire Zubeldia GARAko kritikariak egin zituzten aurkezle lanak.

Hasiera batean kontaketen artean erlaziorik ez dagoela uste arren, Zubeldiak azaldu zuenez, erlazio ezkutu bat topatu zien denei. Izan ere, pertsonaia guztiak «galtzaileak» dira. Batzuk giza-talde bateko kide izate hutsagatik eta beste batzuk euren ametsa bete ezin dutelako dira galtzaileak, edota irabazteko zerbait galdu behar dutelako. Baina, Zubeldiak azaldu zuenez, ezberdin diren horien guztien gainetik, badago galtzaile mota bat liburu osoan zehar oso presente dagoena: norbaitek galtzaile izatera kondenatu duena, alegia. «Liburu honetako benetako protagonistak horiek direla uste dut nik», esan zuen kritikariak.

«Baina liburu honetako pertsonaiak galtzaileak diren arren, ez dira marjinalak», azaldu zuen Xabier Mendiguren editoreak gero. «Eguneroko bizitzan topa daitekeen jendea da», nabarmendu zuen.

Honako lan honetan idazkera estilo bateratsu bat erabili du. Hitzen eta forma morfologikoen aukeraketan gipuzkera eta nafarreraren arteko zerbait erabili du. «Bereziki nabarmendua ez dago, euskara natural eta normal batean dago idatzita, baina hitzen eta formen aukeraketan ikusten da kutsu nafar bat eman nahi izan diela bere ipuinei», azaldu zuen Mendigurenek. Hala ere, hamar ipuin horiek Gasteizko idazlearen zigilupean daude idatzita: modu gordin eta garratz batean kontatuta eta beti ere ironiaz josita.

Fitxa

Izenburua: «Fucking artists».

Idazlea: Xabier Montoia.

Argitaletxea: Elkar.

Salneurria: 20,00 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo