Euskaltzaindiak «Gazteak, aisialdia eta euskara» aztertu ditu, XV. Jagon Jardunaldietan
GARA | BILBO
Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolatuta, Akademiaren XV. Jagon Jardunaldiak izan ziren atzo erakundearen Bilboko egoitza nagusian, «Gazteak, aisialdia eta euskara» gaiaren inguruan. Unesco Etxea laguntzaile izan du Akademiak jardunaldi hauek prestatzeko.
Euskararen erabilera abiapuntu, hainbat galderaren inguruan hausnartu zuten jardunaldiotan: euskararen ezagutza eta erabilera neurri berean handitzen ote diren; euskara arlo formaletan besterik ez ote den erabiltzen; gazteek erabiltzen duten; eta helduek bitartekorik eskaintzen al duten.
Gazteen iritziak entzun eta horren inguruan hausnartu nahi du Euskaltzaindiak XV. Jagon Jardunaldietan, «erabilera aisialdian eta arlo guztietan handitzeko zer egin beharko genukeen eta zer bitarteko jarri eta landu behar ditugun aztertu», azaldu dute Akademiako iturriek.
Euskaltzaindiaren XV. Jagon Jardunaldiak irekiak eta doakoak izan dira, eta entzule joandako guztiak onartu zituen atzo Akademiak, aurretiaz izena emanda. Jarduna atzo goizeko hamarretan abiatu zuten, eta makina bat hitzaldiren ostean, 18.30ean itxi.
Gainera, hitzordua «Euskera» aldizkariaren zenbaki berria aurkezteko erabili du Euskaltzaindiak. Erakundearen hedabide ofizialak iaz «Etorkinak eta euskara» jardunaldietan esandakoak jaso ditu.
Sarrera hitzaldiak
Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoen sarrera hitzaldiak edo Euskaltzaindiaren 90. urtemuga ospatzeko Bilbon zein Donostian izan ziren ekitaldien berri ere ematen du «Euskera» aldizkariak. Baita Jagon Jardunaldien emaitza ere.