Lan istripuen kontrako mobilizazioak egin dituzte Urdulizen eta Burlatan
GARA
Langileen batzordeak deituta, Lointek enpresako langileek 24 orduko lanuztea egin zuten atzo, astelehenean beren lankidearen heriotza eragin zuen lan istripua salatzeko. Geldialdiaz gain, langileek enpresaren aurrean elkarretaratzeko deia egin zuten atzorako, istripua gertatu eta berehala. Izan ere, L.T. 57 urteko soldatzailea bere lanpostuan bertan hil zen, galdaragintzarako erabiltzen den pieza bat gainera erori zitzaionean.
Ezker abertzaleak elkarretaratzea deitu du gaurko. Sopelako plazan bilduko dira 20.00etan, langilearen aldeko hileta elizkizunen ostean.
Aurreko egunean ELAk eta LABek adierazitakoaren ildotik, UGT sindikatuak atzo adierazi zuen «behin eta berriz» salatua zuela enpresa horretan langileek jasaten dituzten lan baldintzak eta segurtasun falta.
Nafarroan ere, lan istripuen kontrako elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean. 19.30ean izan zuten hitzordua Burlatako Askaz plazan, eta duela bi aste Alaizko harrobietan izandako istripua salatu zuten mobilizazio horren bidez. Bertan 33 urteko langilea hil zen, makina batean harrapatuta geratu ostean.