GARA > Idatzia > Kultura

«Kherau hitzak `egin' esan nahi du erromintxelez, eta ez da Googlen ageri»

p055_f01_097x116.jpg

A. BILBAO | BILBO

Durangoko Azoka atarian dugu eta disko aurkezpenak ugaritzen ari dira pixkanaka. Eta musika talde berriak ezagutzeko parada ere izaten dugu tarteka, Kherau, kasu. Bizkaitarrek folk doinuak landu eta debuta plazaratu berri dute, «Munduan ortozik».

Taldeko Aitor Estebanek bertsotan egin zuen debut lanaren aurkezpeneko sarrera, zortziko handian, eta «pozarren» zeudela esan, «amets batean legez». Baxu jotzailearekin batera, Iker Lopez de Bergarak (alboka eta txirula), Ibon Ordoñezek (bouzouki irlandarra, gitarra, mandolina, bodhram eta beste) eta Gaizka Andollok (kajoia eta darbouka) osatzen dute laukotea, eta ibilia ortozik baina pauso onez abiatu duten seinale, lana bukatzear zirela bosgarren taldekidea ezagutu zuten, Alex Garcia trikitilaria.

Taldeak kantu tradizionalak ditu ardatz, eta folk doinuei lotuta dago. Alta, guztiok oso ezagun ditugun kantuak hartu, eta eurenganatzeko ahalegina garbia da diskoan, «euskal folkari ekarpena» egin nahian, taldekideen esanetan. Eta Ritxi Aizpuru Baga-Biga zigiluko kidearen ustez, Kherauk «atzera begiratzen du oso modu jostarian».

Aspaldiko doinuak jo eta gaurkotzeko orduan, taldeak lortzen duen soinuak zeresan handia du. «Betiko moldeetatik ihes egin eta geurea eman nahi diegu kantuei, eta martxoso jo» diote Ordoñez eta Lopez de Bergarak, musika tresnak jotzeaz gain kantatzeaz arduratzen baitira. «Eta doinu arras ezagunak oinarri hartuta, gure moldera garatzen ditugu gero», Irlandan, Galizian edo beste hainbat tokitan egin izan den moduan, nahiz eta Kherau ez den talde zelta bat -azpimarratu zutenez-. Eta hitzetan, bertso mundutik gertu dira. «Loturak daude, egitura eta errima aldetik».

«Munduan Ortozik» diskoa hamar kantuz osatuta dago. Erdiak tradizionalak dira, «»Maritxu» edo «Jaun baruak» kasu, eta beste erdiak taldearenak. Baina Ordoñezek adierazi zuenez, «bere osotasunean entzunda, ez zenukete esango zeintzuk diren gureak eta zeintzuk ez, homogeneitate bat mantentzen dute-eta». Gainera, «Erresiñola» kataluniar kantu herrikoia ere hartu du Kherauk, bi hizkuntzetan emateko, euskaraz eta katalanez («El rossinyol»). «Aspaldi maitemindu ginen kantu honekin, eta gure hizkuntzan itzuli nahi izan diegu katalanei», Estebanen hitzetan.

«Munduan ortozik» -berriak eta apalak direlako- agertu den Kherauk aspaldi ekin zion egitasmoa osatzeari, orain sei edo zazpi urte, taldekideek elkar ezagutu zutenean. Eta musika batzuk folk (Urgabe, Korrontzi, Gartxot) edo dantza taldeetatik datoz. Orain Kherau dira, erromintxelez -ijitoen euskara- «egin» esan nahi duen hitz ezin aproposagoa. Gainera, Google bilatzailean ez da -orain arte- ageri. «Euskaldun berriak gara guztiok, eta ama hizkuntza izan ez dugun arren, egun. euskara dugu taldean lan hizkuntza», argitu digu Estebanek. «`Jaun baruak' barnetegian kantatu genuen lehenengoz».

Durangoko Azokari begira, taldeak zuzeneko aurkezpena egingo du Ahotsenea gunean (abenduaren 5ean, 11.00etan).

Aitor Esteban, Iker Lopez de Bergara eta Ibon ordoñez

kherau taldeko kideak

Laukote sortu eta boskote dira dagoeneko. Plaza zapaltzeko «irrikitan» den Kherau taldeaz ari gara. Bizkaitarrek Baga-Biga diskoetxean eman dute «Munduan ortozik» estreinako lana, kantu herrikoiak eta beraiek sortutako folk abestiak uztartzen dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo