Lau eta Erdiko Txapelketa
Finalerako sarrerak ordu pare batean saldu zituzten
Atano III.ak Ogetak baino eserleku gutxiago dituen arren, enpresek jasotako deien arabera, kaiolakoak aurreko finalek baino ikusmin handiagoa piztu du.
Jon ORMAZABAL
Binakakoan eta Buruz Buruko Txapelketan Gasteizko Ogeta pilotalekuan hainbat eserleku huts egon baziren ere, datorren hilaren 12an Donostiako Atano III.a lepo beteko da. Izan ere, Aspek eta Asegarcek bi ordu eta erdian saldu zituzten euren eskura zituzten sarrera guztiak.
Bi pilotariak Aspekoak izanda, -bakoitzak eskura jarri zizkioten guztiak hartu zituen bere konpromisoetarako- 40 minutuan saldu zituzten Eibarko enpresari geratzen zitzaizkion sarrera apurrak. Asegarcek, bere aldetik, 600 sarrera zituen salgai eta bi ordu eta erditan agortu zitzaizkion.
Intendentzia lan horietan aritzen den Rafa Etxeberriak aditzera eman zuenez, Atano III.a txikiagoa izateaz gain -1.700 eserleku ditu eta 2.155 Ogetak- Barriola eta Martinez de Irujoren arteko lehiak ikusmin handiagoa piztu du. «Dena dela, gehien eskatu direnak sarrera merkeak izan dira, eta Ogetak eta Atanok antzeko sarrera merke kopurua daukate. Ogetan goiko partea beteko zen, baina kantxako sarrerak saltzea gehiago kostako zatekeen», azaldu zuen.
Aukeraketa handiagoa
Normala den bezala, krisi ekonomikoak pilotan eragin handia izan du, baina Asegarceko ordezkariaren arabera, hau askoz gehiago nabaritzen da urte guztiko jaialdi arruntetan. «Krisia jaialdi normaletan dezente antzeman da, baina finaletan desberdina da. Jendeak orain askoz gehiago aukeratzen du, eta benetan interesatzen zaizkion jaialdietara joaten da. Finala interesgarria denez, denok egon nahi izaten dute han».
Normala den bezala, sarrera gehienak Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetakoek erosi dituzte, baina Etxeberriak izan zuen urrutiagoko telefono deirik, Salamanca eta Bartzelonatik hain zuzen ere.
Atzoko jaialdiei dagokionean, Eibarko Sanandresetako estelarrean, Bengoetxea VI.ak eta Laskurainek 22-20 irabazi zieten Titin III.a eta Zubietari partida interesgarri batean. Urdinek azkar egin zuten ihes markagailuan 10-18, eta errioxarrak eta etxarriarrak partida hogeira berdintzea lortu zuten arren, ez zen irabazteko nahikoa izan.