GARA > Idatzia > Kultura

«Ogi hutsa», arabieratik euskarara itzulitako eleberria, plazan

p041_f02_088x124.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Mohamed Xukriren «Ogi hutsa» eleberria arabieratik euskarara zuzenean itzulitako lehen eleberria da. Agatha Christie eta Philippe Claudel klasikoekin batera aurkeztu zuen atzo Igela argitaletxeak; hilketa-nobelen erreginak 1920an idatzitako «Stylesko gertaera misteriotsua» eta 2005ean kaleratu ostean Estatu frantsesean hain famatu egin den Claudelen «Linh jaunaren biloba».

«Ogi hutsa» lanak Mohamed Xukriren bizitzaren zati txiki bat kontatzen du. Hiru alek osatzen duten trilogia autobiografikoaren lehen zatia da. 1973an argitaratu zen lehen aldiz ingelesezko bertsioan, bere jatorrizko herrialdean, Marokon, zentsurak argitalpena debekatu egin baitzuen bertan ageri zen sexuaren inguruko hizkera «esplizitua» aitzakia hartuta.

Arantzazu Royok bost urte inguru eman ditu lana itzultzen. Berak azaldu zuenez, ingelesezko, frantsesezko, gaztelaniazko eta, noski, arabierazko bertsioak erabili ditu lan hau egiteko. «Esaldi laburrez eta estilo xumez idatzia dago», azaldu zuen Royok. Hitanoa erabili du hainbatetan eta hitz batzuk jatorrizko hizkuntzan utzi ditu orrialdearen oinetan azalpenak erantsita.

Philippe Claudelen «Linh jaunaren biloba» 2005ean argitaratu zen lehen aldiz eta izugarrizko arrakasta izan zuen, literatura garaikideko klasikotzat jotzeraino. Xabier Olarra Igela argitaletxeko kideak azaldu zuenez, istorioa «kontatzeko moduak samurtasuna du». Argumentua sinplea da, gizon batek gerra dela-eta dena galduko du eta bere biloba bakarrik geldituko zaio. Erbestean gizon alargun baten lagun egingo da, eta liburuak horixe kontatzen du, bi gizonen arteko laguntasuna. Hala ere, irakurketa politikoa egiteko aukera ere ematen duela azaldu zuen Olarrak, hain zuzen, gerren bortizkeriak zibilengan dituen ondorio mingarriez hitz egiten duela aipatu zuen.

Erregina baten hastapenak

Azkenik, ziur asko denetan ezagunena izango dena aurkeztu zuten. Agatha Christieren lehen nobela, «Stylesko gertaera misteriotsua». Lan hori sortzeko modua ez zen oso ohikoa izan, desafio bati erantzunez idatzi baitzuen. Ahizpak esan omen zion: «Ezetz idatzi hilketa-nobela bat, irakurleak hiltzailea nor den asmatu ezin duena». Eta gai zela frogatzeko idatzi zuen, antza, botikari lanetan ariko den erizain bat protagonista duen nobela.

Idazleak ezer berririk asmatu ez zuen arren, Olarrak azaldu zuenez, egindako ikerketa batek azaldu duenez, Christieren eleberrien irakurketak endorfinak eta serotonina eta horien ondoriozko plazera sortzen ditu garunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo