GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Etorkizuneko Espainia miretsia

Aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala aldarrikatzea ez da batzuon jabetza pribatua. Bidegurutzean gaude denok eta denok gara partidako jokalari

Iragan zapatuan Zapatero 37 enpresari potolo-potolorekin batu zen. Hobeto esanda, bertako hiritar izatera derrigortzen gaituen Estatu hau gobernatzen dutenak beren gestorearekin batu ziren. Batzuek izenpetu dute goiko izenburua barnean dakarren «Transforma España» dokumentua: «Un momento clave de oportunidad para construir entre todos la España admirada del futuro. Una visión optimista pero contundente de la Sociedad Civil española».

50 enpresari potolok eta 50 «adituk» euren burua «jendarte zibilaren» bozeramaile izendatu dute. Lehenengo eta behin, esan beharra daukat ez dakidala ondo zer ote den «jendarte zibil» deitzen duten hori eta, hortaz, diruz usteldurik daudenak eurak badira, zeintzuk izan beharko liratekeen «jendarte militarra» osatzen dutenak... Baina, beno, harira!

Badakit badakizuela horrelako dokumentu batean zer neurri gomendatzen dituzten, eta ez naiz luzatuko bertan agertzen diren erreforma ekonomikoetan. Neurri ekonomikoekin nahasten diren neurri sozial eta ideologikoak gertatu zaizkit harrigarriago.

Aspalditik entzundako kontuekin hasten da dokumentua: krisialdia «aukera» gisa hartu behar dela. Hau da, aspalditik hartu behar izan ziren neurriak hartzeko aprobetxatu behar dela une hau, aldaketa estrukturalak egin ahal izateko. Horrekin esan nahi dute eredu osoa aldatu beharra dutela. Abisatuta geunden. Behin eta berriro errepikatu digute honen ostean, ezer ez dela berdina izango.

Eredu ekonomikoaren aldaketa estrukturala burutu nahi dute. Hortaz, oso argi uzten diote Gobernuari -hau da, helburuak konpartitzen dituzten baina txandakatzen diren alderdi biei- hau guztia estatu kontutzat hartu beharra dagoela. Gauzatzeko ondo adostu behar dela, hauteskunde lehiatik haratago, beste estatu kontu guztiekin egiten den legez.

Bestetik, beste oharpen bat egiten diete. Aldaketa ekonomikoa burutzeko ezinbestekoa da estatu aldaketa burutzea. Eta balorazio horretan ados bagaude ere (oraingo estatu eredua zaharkiturik gelditu zaiela), kontrako norabidean markatzen dute jarraitu beharreko bidea.

Horrez gain, eta zirkulua ondo zarratzeko, hirugarren aldaketa estrukturala: «herritar eredua» ere aldatu beharra dago. Herritarron papera bost puntura murrizten da: hautesle, kontsumitzaile, finantziatzaile, ekoizle eta estatuaren balioen sostengu izan behar dugu. Metahizkuntzatik hizkuntza arruntera ekarrita: ekoiztu eta kontsumitu; behar ditugun zerbitzuak -eta eurek behar duten guztia- geuk finantzatu; lau urtean behin satsa edo gorotza hautatzen dugun bezala, MacDonald's edo PizzaHut hauta dezagula, eta Espainiaren «ilusioa» bandera moduan astin dezagula Espainiako selekzioa animatzen dugun bitartean.

Aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala aldarrikatzea ez da batzuon jabetza pribatua. Bidegurutzean gaude denok eta denok gara partidako jokalari. Hori bai, ez dute zertan aldarrikatu, exijentziak mahai gainean ipintzeko lerro zuzena baitaukate aldaketa gauzatzeko tresnak ipini behar dituzten botere guztiekin. Orain kontua izango da ea gai garen indar «kualitatibo» hori geure indar kuantitatiboaz garaitzeko eta ea berandu baino lehen egiteko gai garen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo