Aizkora Urrezko lehiaketa
Bederatzi bikoterekin abiatuko da Binakakoa
Donato eta Ohian Larretxea, egungo txapeldunak, aurten ere faborito nagusien zerrendan ageriko dira.
Jon LEUNDA
Bederatzi bikote izango ditu igandean Izarran abiatuko den Binakako Urrezko Aizkorak. Finalak ez du datarik, baina otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran izango da Azpeitian.
Maila nagusiko lehiaketa aurkeztu zuten atzo. Bertan bederatzi bikote neurtuko dira hiru multzotan banatuta. Lehenengoan, Arrospide-Mugertza II.a, Azurmendi-Atutxa II.a eta Olasagasti-Ruben Saralegi izango dira. Bigarren multzoan, berriz, Arria V.a-Rekondo, Mujika-Otaegi eta Nazabal-Jauregi. Hirugarrengoan, aldiz, Donato eta Ohian Larretxea egungo txapeldunak, Lopez-Erasun eta Senosiain anaiak.
Lehen fase hau ligaxka moduan jokatuko da eta, beraz, multzo bakoitzean denek denen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Hori amaitutakoan, lehen sailkatuek zuzenean lortuko dute finala jokatzeko txartela, eta bigarren geratzen direnek, hirurek batera, elkarren aurka jokatu beharko dute. Hor garaipena lortzen duen bikoak izango du finalerdiak jokatzeko faltako den txartela.
Finalerdiak nola jokatu, berriz, zozketa bidez egingo da, multzo bakoitzeko txapeldunekin eta bigarren geratu direnen arteko kanporaketako onenarekin. Finalerdietan ezingo dute jokatu multzo berean egon diren bi bikotek. Finalerdietako bi irabazleek, berriz, finala jokatuko dute. Lehiaketa honetan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako aizkolariek izango dute tartea, nahiz eta gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak diren.
Hasiera
Txapelketa honek hasiera igandean izango du Izarran, Araban, 12.00etatik aurrera, Mujika-Otaegi Nazabal-Jauregiren aurka neurtuko baitira. Dudarik gabe, neurketa oso erakargarria izango da, eta berri onarekin, gainera, azkeneko urte hauetan aritu gabe egon ostean, Joseba Otaegi berriro Urrezko Aizkoran ikusteko aukera izango baita.
Lehendabiziko egunean B multzoko aizkolariak arituko dira eta, bigarrenean, berriz, C multzokoak, eta horiek astelehenean izango dute estreinatzeko parada: Lizarran, 12.00etatik aurrera, Lopez eta Erasun Senosiain anaien aurka. Hortik aurrerako egutegia oraindik zehazteke dago.
Lehiaketa Izarran abiatuko da igandean, eta bertan Mujika eta Otaegi Nazabalen eta Jauregiren aurka lehiatuko dira. Astelehenean, Lizarran, Erasun eta Lopez Senosiain anaien aurka arituko dira.